Gogotik egin zuen euria joan den astean, eta horrek bere ondorioak utzi zituen eskualdean. Otsailaren 25ean errekek gainezka egin zuten zenbait tokitan: Arraiozen Baztan errekak gainezka egin zuen, Lesakan Onin errekak, Donezteben Ezpelura errekak, Beran Bidasoa ibaiak... Eta Bidasoa ibaia bera Igantziko eta Etxalarko Bentak lotzen dituen errepide zaharrera ere atera zen, eta ondorioz, zenbait orduz itxita gelditu zen bidea. Hernani eta Goizueta lotzen dituen bidean ere Urumea ibaiak gainezka egin ondotik itxi egin behar izan zuten errepidea.
Lur erortzak ere izan ziren nonahi. Horietako bat Areso eta Leitza arteko NA-170 errepidean. Aspaldiko urteetako lur-jauzi handieneteko bat tarteko, errepidea itxi behar izan zuten ordu batzuez.
Estazio metereologikoak egindako euri jasaren lekuko izan ziren. Berako Larretagainan dagoenean, erraterako, otsailaren 25ean 104 l/m2 bota zituen, eta Gorramendin 135 l/m2 neurtu zituzten. Donezteben, 70,2 l/m2 bota zuen.