Berako Jon Esteben Agara gitarristak, Doneztebeko Ramontxo Etxebeste bateria-jotzaileak eta Txomin Sapuppo (Piztia) ahotsak eta Lekarozko Iker Plaza baxu-jotzaileak osatzen dute Dama metal taldea. 2010etik dabiltza elkarrekin eta duela hilabete batzuk bigarren diskoa kaleratu dute: Hil baino lehen, Jorge Mariñelarena teknikariaren laguntzaz. Aitortu digutenez, etorkizunak ez ditu sobera kezkatzen, eta momentua bizi dute: «zoriontsu egiten zaituenari eutsi, ametsei gogor ekin beldurrik gabe, borrokatu eta inoiz ez damutu».
Gurutze PIKABEA
Nolatan sortu zenuten Dama taldea?
Damako kide guztiak bertze taldeetan ibiliak gara eta aspalditik ezagutzen dugu elkar. Ideia Jon Estebenek eta Ramontxok hasi zuten, proiektu berri, gogor eta makarra bat prestatzen hasi zirenean. Urte bat eman zuten gutxi gorabehera lehenengo kantuei forma ematen eta 2010ean Txomin eta Iker proiektura batu ziren orain Dama dena osatuz.
Nola deskribatuko zenukete zuen musika?
Metalaren barruan mugitzen gara, baina ez estilo jakin batean, hau da, kantak konposatzerakoan ez dugu estilo hau edo bertzea bilatzen, sentsazioak bilatzen ditugu. Sentsazio horiek aunitzetan indarra, gogortasuna, gordintasuna, tinkotasuna... izan daitezke, eta horiek dira gure musikaren ezaugarri nagusiak.
Zein alde dago lehen diskotik Hil baino lehen bigarren honetara?
Biek hari berdinari jarraitzen diote, bata bertzearen eboluzio naturala dela erran genezake. Hil baino lehen lan borobilagoa da, ideia argiagoak daude eta lehen diskoko bidea jarraituz, iluntasun eta tinkotasun are handiagoa eman nahi izan diogu. Bertzalde, soinu eta produkzio aldetik, alde dezentea dago, bigarren honetan lan hobea egin dugu zentzu guztietan. Zortzi kanta motz eta gordin daude, indarra eta agresibitatea azaleratzen dituztenak, baina era landu batean. Lan motza da, betelanik gabekoa, eta ez dago alferrikako akorde edo kolperik.
Zergatik izen hori?
Hil baino lehen kanta konposatu genuenean, izenburu eta ideia ezinhobea iruditu zitzaigun hurrengo diskorako. Ideia hau momentua eta egunerokoa bizitzeko ideiarekin estu lotuta dago, baina muturreraino eramanda. Zoriontsu egiten zaituenari eutsi, ametsei gogor ekin beldurrik gabe, borrokatu eta inoiz ez damutu.
Zer moduzko harrera izaten ari da?
Harrera ona, ez gara kexatzen. Oraindik zabaltze lanean gabiltza, baina kritika onak jasotzen ari gara. Diskoaren salmenta ez da erraza gaur egun, baina guretzat garrantzitsuena nahi duenak diskoa entzun ahal izatea da. Diskoa Interneten ere jarri dugu. Gaur egun, musika zabaltzeko erarik eraginkorrena da, edozeinek ikus dezake diskoaren diseinua eta entzun, nahiz eta fisikoki ez izan. Ezinbertzekoa da gu bezalako talde batek sare sozialak eta Interneteko bertze zabaltze erremintak erabiltzea.
Nola doaz kontzertuak?
Ongi, kontzertu dezente ematen ari gara eta oraindik aunitz gelditzen zaizkigu aurten. Guretzat garrantzitsuena zuzenekoa da eta ahalik eta emanaldi gehien ematea. Ez dugu kontzertua emateko leku konkretu bat nahiago, bertze edozein baino. Kontzertu handia, ekipo handiarekin eta jende aunitzen aitzinean, festibal edo mota horretako jaialdi batean jotzea ametsa izanen litzateke.
Nola ikusten duzue zuen musika eskualdean?
Gure musika ez da publiko guztiarentzat. Gure eskualdean jende gutti bizi gara eta beraz, musika hau gustuko dutenak gutti dira. Halere, hemen eman ditugun kontzertuetan harrera ona izan dugu, eta lagunez aparte, printzipioz estiloa gustuko ez duten pertsona aunitzek kontzertua dibertigarria egin zaiela erran digute. Horrek izugarri pozten gaitu.
Nolako etorkizuna ikusten diozue taldeari?
Ez dakigu zer-nolako etorkizuna izanen dugun, hori ere polita da. Gure bigarren diskoaren mezuari jarraituz, zoriontsu egiten gaituen honi eutsiko diogu eta dena ongi doan heinean eta jendearen erantzuna jasotzen dugun heinean, aitzinera eginen dugu ilusioz eta zakarkeriaz beterik.
DISKO BERRIA
«Alde batetik, soinu gogorra eta tinkotasuna nabarmenduko genuke azken diskotik, kanta landuak eta mezu zuzena dira. Bertzetik, diseinu eta estetika ederrak».
BARATZEKILL ZIGILUA
«Gure entsegu lokala Doneztebeko baratze bateko txabola batean dago. Beti baratze inguruan gaude eta hor sortzen dira Damaren doinuak. Zigilu bat behar genuen eta izena hagitz originala, pertsonala eta dibertigarria iruditu zitzaigun».