«Eskualdeko eskaintza bateratuko duen ikastetxe integratua behar da»

Ttipi-Ttapa 2015ko ots. 19a, 09:38

Maite Ariztegi Elizondoko Lanbide Eskolako zuzendaria da 2012az geroztik. Utzitako argazkia.

Segurtasun eta babes neurriez ingurutatua egon arren, normaltasunari eutsi diote Elizondoko Lanbide Eskolan. Urteak zeramatzaten eraikinaren egoera kaxkarrarekin kezkatuta eta ekainaren 30ean teilatu zatia erori zenenean «alarmak piztu» eta badirudi orain «Hezkun­tza Departamentuak serio hartu» duela gaia. Jomuga behin ­behineko neurrietatik haratago jarri dutela azaldu digu Maite Ariztegi zuzendariak «eskualdeko ­premiak asetuko dituen Lanbide Heziketa eskaini nahi dugulako». 
 
E. IRAOLA | ELIZONDO
 
Zein da une honetan ­duzuen egoera?
Erori zen teilatu zatia kur­tsoa hasi baino lehen konpondu bazen ere, eraikinaren barru zein kanpoaldean premia la­rriak ditugu. Eskolak kanpotik itxura erabat zaharkitua eta utzia du. Segurtasun babes neurriak jarrita daude, erlai­tzak apuntalatuta eta inguru guztia aldamioz inguratua eta itxia. Estu gabil­tza klaseak emateko espazio mugatua dugulako, gela bat galdu dugu eta beheitiko komunak ere itxiak daude.Eta ikastetxe ba­rrenean, berogailu sistema, elektrizitate instalazioa eta gelen itxura ere hagitz kaltetuak daude.
 
Noiz hasi zen egoera oker­tzen?
Egoera beti kezkagarria izan da eta urtero-urtero Hezkuntzari mantenu eta konponketak egitea eskatu izan diogun arren, beti diru eskasia zela eta atzera bota dituz­te gure eskaerak. Itxasura asko zeuden eta teilatua konpontzeko behar handia. Ez zen languntzik iristen, baina ekainaren 30ean teilatu puska bat erori  eta ho­rren ondorioz txosten tekniko batek teilatuaren a­rrisku-egoera agerian ­utzi zuenean, alarmak piztu ziren eta Hezkun­tzak serio hartu zuen gaia.
 
Zein pauso eman dituzue irtenbide bila?
Egia erran, jo litezkeen ate guztiak jo ditugu. Hezkuntzakoekin maiz bildu gara, baita Baztango Udalarekin ere eta obra­ kontuetan gainean egon gara. Urtarrilaren 8an Parlamentuko irakaskuntza komisioko kideak eskolara gonbidatu genituen egoera bertatik bertara ikus zezaten. Lan saioak eta bilerak ere egin ditugu ikastetxe, udal, enpresako 3 sektoretako ordezkari, gizarte zerbitzu eta Hezkuntzako ordezkariekin eta foro desberdinetan ere parte hartu dugu.
 
Eta zer ondorioztatu ­duzue?
Argi eta garbi dugu gure xedea eskualdean Lanbide Heziketa eskainiko duen ikastetxe integratu bat lortzea dela. Bertan, eskualdeko eskaintza bateratu eta formakuntza aukera guztiak eskain­tzea li­tzateke helburua. Hau da, eskaintza-formala (goizekoa) eta eskain­tza-ez formala (arratsaldean lan­gabetu eta langileei zuzendua) eta akreditazio aukerak ere eskainiko lituzkeena. Ho­rretarako eraikin be­rri bat behar dugu, beharrezkoak diren instalazio eta ekipamenduekin osatua.
 
Eskain­tza eguneratzeko premia ere bada? 
Krisiarekin batera jendearen beharrak are gehiago zehaztu dira eta guk ere nabaritu dugu. Orain gizarteak hezkuntza ere kontuan hartzen du eta jendeak jakin nahi du hemen zein lanbide ikasi daitezkeen eta zein aukerak dauden lanbide eta behar berriei erantzuteko. Guk ere irekitzeko aukera izan dugu, foroetan parte-hartze aktiboa izanda. Eskualdean Lanbide Heziketa egokitzeko beharra dagoela nabaritu dugu eta Hezkuntzak ere eskaintzen duen formakuntza aztertu eta be­rritu nahi izateak horretarako bidea ematen du.
 
Nola ikusten duzue etorkizuna?
Etorkizuna erabat aldakor eta aukera bezala hartzea hobe. Nahiak eta beharrak aski garbi daude, jendea Lanbide Heziketaren in­guruan gauzak hobetzeko gogotsu eta aktibo dago. Alde batekoak eta bertzekoak elkartu gara eta solastu dugu, hau da lehen pausoa da. Momentu politiko nahiko mugitua eta aldaketak ekar ditzakeena ireki da orain Nafarroan eta ondorioz, orain Hezkun­tzan daudenak ezin direla konprometitu erraten digute behin eta berriz. Kezka­garria da hori. Argi dago ordea, alde guztiek bat egiten dugula, denok ados gaudela ikastetxe integratu bat izateko premia aipatzerakoan. Aukera guztiak daude datozen urteetan eskari hau egia bihurtzeko, guztiok aktiboki inplikatzen bagara lortuko dugu.
 
ESKARI NAGUSIA
«Eskualdeko Lanbide Heziketa euskalduna, bateratua lortu eta formakuntza aukera guztiak eskaintzea ­litzateke helburua. Hau da, eskaintza ­formala (goizekoa) eta eskaintza ez formala (arratsaldean ­langabetu eta ­langileei zuzendua) eta ­akreditazio ­aukerak ere eskainiko lituzkeena. Horretarako ­eraikin berri bat behar dugu instalazio eta ekipamenduekin ­osatua».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun