Beti Gazteko sokatira taldeak bigarren jardunaldia jokatuko du Euskadiko txapelketan

TTIPI-TTAPA 2015ko ots. 19a, 08:34

Beti Gazteko tiralariak, Nafarroako txapelketan. Artxiboko argazkia

600 kilotan Bilboko La Casilla kiroldegian ariko dira larunbat arratsaldean

Joan den urte akabailan Nafarroako txapelketa bi kategoriatan irabazi ondotik, Lesakako Beti Gazteko sokatira taldea Euskadiko txapelketari ekin dio aspaldiko partez. Otsailaren 14an izan zuten lehen saioa, Adunan jokatu baitzen 600 kiloko lehen jardunaldia. Beti Gazte bosgarren izan zen, laugarrenarekin berdindua

Joan den urte akabailan Nafarroako txapelketa bi kategoriatan irabazi ondotik, Lesakako Beti Gazteko sokatira taldea Euskadiko txapelketari ekin dio aspaldiko partez. Otsailaren 14an izan zuten lehen saioa, Adunan jokatu baitzen 600 kiloko lehen jardunaldia. Beti Gazte bosgarren izan zen, laugarrenarekin berdindua.

Hain zuzen, Ezpeletako Ñapurrak (Lapurdi) taldea nagusitu zen tiraldi guztietan (7 puntu), Ibarra (Gipuzkoa) izan zen bigarren (6 puntu) eta Murueta (Bizkaia) hirugarren (5 puntu). Laugarren posturako lehian berdindu egin zuten Sokarrolak (Bizkaia) eta Beti Gaztek (hiruna puntu eta erdi) eta azkenak ez gelditzeko borrokan ere berdindu egin zuten Abadiñok (Bizkaia) eta Berriozarrek (1,5 puntu).

600 kiloko bigarren jardunaldia Bilboko La Casilla kiroldegian (Bizkaia) jokatuko dute otsailaren 21ean (emakumezjkoen 375 kiloko lehen jardunaldia ere jokatuko dute) eta hirugarren eta hondar jardunaldia Erandion (Bizkaia) izanen da otsailaren 28an.

560 kiloko kategorian jardunaldi bakarra jokatuko dute Ezpeletan (Lapurdi) martxoaren 7an. Beti Gazterekin batera Berriozar, Ñapurrak, Ibarra, Txantrea eta Sokarrola lehiatuko dira kategoria arinenean.

Jardunaldi guztiak larunbatetan izanen dira. 14:00etatik 15:30era pisaketak izanen dituzte eta tiraldiak 17:00etan hasiko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun