Nafarroako Bertsolari Txapelketaren hirugarren final-laurdena jokatu zen igandean Zubiriko Gautxori jatetxean. Giro ederra nagusi, 170 bertsozalek bete zuten jatetxeko aretoa. ‘Bertsolaritza Irakaskuntzan’ programa jasotzen duten Zubiriko ikastetxeko gazteek egin zieten ongi etorria bertsolari eta bertsozaleei, publikoarekin konplizitate handia lortuz. Saio puntuagarriekin hasita ere, giro epela izan zen nagusi eta sei bertsolariek lan txukuna egin zuten.
Aimar Karrika auriztarrak eskuratu zituen puntu gehien (246,5) eta, hartara, bera izanen da martxoaren 8an Lesakako Harriondoa kultur etxean jokatuko zen finalaurrekoan lehiatuko den bertsolarietako bat. Puntuazioan ez ziren urrun gelditu gainerako 5 bertsolariak ere; Oskar Estangak egin zuen bigarren 244 puntu), Saioa Alkaiza eta Amaia Elizagoienek puntu berdinak batuta (238 puntu) hirugarren eta laugarren hurrenez hurren, Sarai Robles barañaindar bertsolari gazteak (235,5 puntu) Txapelketako lehen parte-hartzearekin ahots berria ekarri zuen eta bosgarren postua lortu zuen eta Joseba Beltza etxarriarra izan zen seigarren 223,5 puntu).
Asteburu honetan Lizarra eta Lakuntzako saioekin bukatuko da final-laurdenetako fasea
Larunbatean 17:30ean jokatuko da laugarren final-laurdena Lizarrako Gazteriaren Etxean. Kantuan, Eneko Fernandez, Iker Gorosterrazu, Josu Sanjurjo, Mikel Lasarte, Egoitz Gorosterrazu eta Ander Fuentes “Itturri” izanen dira. Igandean berriz, Lakuntzako Kultur Etxean eginen den azken final-laurdenean honako sei bertsolariak arituko dira: Eneko Lazkoz, Xabier Maia, Ioar Tainta, Patxi Castillo, Iñigo Olaetxea eta Xabier Terreros. Bertan erabakita geratuko dira finalaurrekoetako saioak.
Informazio gehiago www.bertsozale.eus atarian.