Euskahaldun! lelopean ortzegun honetan, martxoak 19, Urepeletik abiatuko da Korrika, AEK-k antolatuta Euskal Herri osoan barna egiten den euskararen aldeko lasterketa erraldoia. Martxoaren 29ra bitartean, hamaika egunez gelditu gabe, Euskal Herria zeharkatuko du Korrikak hemeretzigarren aldiz. Bi mila kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta gisa guztietako milaka korrikalarirekin, gau eta egun gelditu gabe. Eskualdean barna ere ibiliko da Korrika, zehazki, ortziral eta larunbat honetan, martxoak 20 eta 21.
Ortzirala, martxoak 20
Ortziral honetan, hilak 20, Ainhoan barna, Urdazubira ailegatuko da Korrikaren lekukoa, 09:50 aldera. Handik Amaiurrerako bidea hartuko du eta hemendik 11:20 inguruan pasako da. Amaiurtik Elizondora joanen da eta 12:05 alderako ailegatuko da. Iruritara bidea hartuko du gero, eta Almandozera joanen da ondotik. Hemendik Iruñera abiatuko da.
Larunbata, martxoak 21
Larunbatean, hilak 21, goizean eta arratsaldean eskualdetik pasako da euskararen aldeko lasterketa haundia. Goizean, Uitzitik Leitzara sartuko da 05:00 alderako. Gero, Berastegirako bidea hartuko du.
Arratsaldean, berriz, Irundik bazkalondoan ailegatuko da Berara, 14:50ean. Lesakara 15:36an ailegatuko da eta herria zeharkatu ondotik, Igantzira ailegatuko da lekukoa, 16:12an. Igantzitik Igantziko Bentetara jautsiko da Korrika eta hemendik, errepide zaharrean barna Etxalar aldera (16:42) joanen da. Berriz Berarako bidea hartuko du eta 17:06an Beratik pasatuta, Ibardinera igoko da, 17:50 alderako. Ibardindik Azkainera jautsiko da (18:53) eta hemendik Sararako bidea hartuko du (19:48). Uztaritzen barna Baionara ailegatu aitzinetik, Senperetik ere pasako da Korrikaren lekukoa, 20:35 inguruan.
Korrika kulturala
Korrika nagusiaz gain, Korrika Kulturalaren baitan ere hainbat ekitaldi egin eta egitekoak dira egunotan. Egin gabeak direnen artean, ortzegun honetan, martxoak 19, Korrika Urepeletik aterako dela aitzakiatzat hartuta, Elizondotik Urepelera mendi martxa antolatu dute. 09:00etan abiatuko dira Elizondoko plazatik eta itzultzeko autobusa izanen da.
Martxoaren 21ean, larunbat arratsaldeko 8etatik aitzinera, berriz, Igantzin trikipoteoa eta bertso-afaria antolatu dituzte Julio Soto eta Iker Zubeldiarekin.
Korrika Ttikia ere eginen da. Arantzan, erraterako, martxoaren 27an, ortziralarekin eginen dute. 16:00etatik aitzinera herriko karrikak euskararen alde lasterka zeharkatuko dituzte.