Julen San Miguel doneztebarrari kontratua ez berritzea erabaki du Oriamendi 2010 enpresak, ohar labur baten bidez jakinarazi duenez. Kontratua abenduaren 31n akitu zitzaion doneztebarrari. Enpresak dioenez, San Miguelek zenbaitetan kantxan erakusten duen jarrerarengatik hartu du erabakia, «ez gaude konforme portaerarekin eta horrek beregan konfidantza galtzea eragin du».
Erremontearen munduak bizi duen garai zailaz jakitun da Oriamendi 2010 enpresa, «baina aurrera begira seriotasunez segitu nahi dugu, pilotazaleek joku ikusgarri honetaz gozatu eta modu honetan, modalitate honek urte askoz segi dezan».
Enpresaren erabakiak harridura sortu du. Gaur egungo atzelari onena izateaz gain, buruz buruko txapelduna eta binakako azpitxapelduna da Julen San Miguel. Hala ere, Master txapelketatik kanpo utzi zuen enpresak, kontratua ez berritzeko adierazitako arrazoi beretsuak emanez.