“Morts pour la patrie” (Aberriarentzat hilak) kantatzen zuen Gorka Knörrek…hori eta deus guti omen daki hego Euskal Herriko jendeak munduko lehen gerla mundialaz. Xehetasun gehiago jakinarazteko gisan dibulgazio aldizkaria plazaratu du berriki Nabarraldek Senpereko zonbait lagunen laguntzarekin. Angel Rekalde Nabarraldeko arduradunak dio munduko lehen gerlaren eragina haundia, zuzena eta tragikoa izan zela Ipar Euskal Herrian, eta hori ezagutaraztea ezinbertzekoa dela.
Eneko Bidegain, Xipri Arbelbide, Allande Sokarros, Jean Louis Davant, Luzien Etxezarreta eta Ixabel Etxeberriaren ekarpenak bildu ditu, bertzeak bertze, Lapurdi 1609 elkarteak. Mixel Mendiburu senpertarrak uste du beharrezkoa dela dokumentazio lana egitea memoria agertzeko. 1914-18 garaian eliza gerlaren alde zegoen arrunt, hauen artean Jean Barbier Senpereko orduko erretorea. Haatik, Mendibururen arabera beharrezkoa da garaia ongi sakontzea ohartzeko herritar frango eta baita ere gerlan parte hartu zuten lagun batzuk gatazkaren kontra zirela, haien artean Matxin Irabola Senpereko bertsularia. Irabolak bertsu sakonak asmatu zituen gerlaren kontra bainan berriki arte ez dira biziki hedatuak izan. Mendiburuk berak TTIPI TTAPAn agertu zituen duela zonbait urte eta geroztik familien zonbait kantu bildumetan irakurri ditu lerro berak. Bertsu hauez gain Xarlex Doyhenard, Jamattitt Harotzarene, Beñat Harisgain eta Ganizon Bergara senpertarren lekukotasunak biltzen ditu Nabarralde-Haria agerkariak.