Partzuergoa desegiteko pisuzko arrazoiak daudela diote sei udalek

TTIPI-TTAPA 2015eko otsailaren 5a

Bertze bide batzuk jorratu behar direla uste dute

 

Azkenengo asteetan Bertizko Partzuergoaren inguruan komunikabideetan zabaldutako iri­tzi  eta datuen aitzinean, Bertizarana, Beintza-Labaien, Donamaria, Ituren, Oiz eta Urrozko Udalek bat egin dute Baztanek hartu duen erabakiarekin, «pisuzko arrazoiak izan baitira Bertizko Par­tzuergoaren disoluzioaren erabakia hartzeko».
 
Nahiz eta Baztango Udalak Osoko Bilkurako erabakia bertzeek baino lehenago hartu, eskualde mailan eremu publiko zein pribatutik egindako hausnarketa baten ondoria izan dela ere azpimarratu nahi izan dute: «Eskualde mailan lan egiteko erakunde publiko-pribatu bakarra eta eraginkorra edukitzea da helburua eta, horretarako, bertze bide batzuk jorratu beharko ditugu, diru publikoa modu eraginkor eta arduratsuan erabiliz».
 
Sei udaletako ordez­kariek igorritako idatziak dioenez, «Bertizko Par­tzuergoaren estatutuen arabera, nahiz eta udalek diru gehiena jarri, botoen banaketan ez dago gehiengorik. Aurrekontuak defizitarekin onartu izan dira,  udal batzuen bozken aurka, defizita udalak bere gain hartzea planteatuz».
 
Partzuergoaren gabezi eta arazoei irtenbidea emateko, azken hiru urte hauetan hainbat udal lanean ibili direla ere gogoratu dute eta «Partzuergoaren egoera are makurragoa ez bihurtzeko hartutako erabaki gogo­rra, baina arduratsua izan dela uste dugu».
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun