Lau emakume atera dira aurten joaldun

Fermin ETXEKOLONEA 2015eko otsailaren 5a

Joaldunez gain, mozorro ikusgarriak bildu ziren plazan. izaskun ZUBIALDE

Asteartean 70 joaldun bildu ziren plazan, horietatik 40 herrikoak

Orokorrean ongi joan dira inauteriak, parte-hartze handiarekin nahiz mozorro, nahiz joaldun bezala. Jende artean hainbeste traste eta karroza ibil­tzera­koan arrisku punttua izaten da beti, baina dena ongi joan da. Gazteen elkartean 46 lagun bildu ziren.
 
Batzuk besta egiteko beste batzuk lan egin behar izaten dute eta alde horretatik eskerrak eman behar zaizkie Patxiku Mitxelena buru egin duen sukaldari taldeari, Marijoxe Loiarte, Rakel Telletxea eratsundarra, asteartean Maider Irazoki donezteba­rra eta Leire Bazterrika laguntzaile zutela. Lorentxo Santesteban erosketak egiten eta eskua botatzen aritu zen, urtero bezala, zuzen demonio. Musikari lanetan Modesto Ordokiren lana aipatu behar, 30 urte baino gehiago baititu Zubietara etortzen eta giro bikaina jartzen. Denen umorea eta pazientzia eskertzekoa da.
 
Larunbateko afariarekin hasi zen jendea animatzen. Igandean puxka biltzen eta ka­rrozei eta mozorroei azken ukittuak ematen ibili ziren. Astelehenean hiru karroza eta 24 joaldun joan ziren Iturenera, tartean lau emakume: Juli Loiarte eta Ane Antso ama-alabez gain, Maritxu Sanchez eta Mikele Etxekolonea. Julik 48 urte ditu eta ederki egin zuen bi egunetan harat-honata.
 
Herrirako asteartea da egunik handiena. Eguerdiko tarte horretan ederki eutsi zion eguraldiak eta 70 joaldun ailegatu ziren plazara: 40 herrikoak bertakoak, 18 Iturengoak eta 12 Aurtizkoak.
 
Kanpotik ere jende dexente bildu zen ikustera eta hainbat kamerek bildu zuten ikuskizuna.
 
Asteazkenean kontu eguna izan zen eta jendea kontent gelditu zen. Partikularrek ere dirua ematen dute gazteendako laguntza bezala, baita Herriko Ostatuak eta Udalak ere.
 
Larunbatean azkeneko afaria egin zen, heldu den urtera arte inauteriak despedituz.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun