Inauteri Astelehenean Iturengo plazara bildu ziren hiru herrietako joaldunak. 62 izan ziren guzira, hogeita launa Ituren eta Zubietakoak, hamalau Aurtizkoak eta horiekin batera, ttiki batzuk ere atera ziren, mozorroak uxatzera.
Goizetik Iturengo eta Zubietako Herriko Etxeko ganbaretan eta Aurtizko elkartean beraien arropak janzten aritu ziren joaldunak, joareak ongi estutu gerrian, ttuntturroa buruan paratu, isopua eskuetan eta ongi gosaldu zuten.
Mozorroak bere aldrebeskeriak plazan egiten zituzten bitartean, Iturengo Joaldunek, langintza honetan mende erdia bete duen Lazaro Erregerena eta Javier Bereau buru zutela, Latsaga aldera jo zuten, Aurtitz eta Zubietakoekin bat egitera. Elkar agurtu ondotik, denek elkar hartu zuten, pausua bateratu eta Iturengo plazara hurbildu ziren.
Iturengo plazara hurbiltzerakoan, nahikoa lan izan zuten joaldunek mozorroak uxatzen. Gisa guzietako jantziak ikusi ziren. Baita jantzi handirik behar ez zutenak ere. Joaldunek hameketakoa izan zuten Herriko Etxeko Ganbaran eta bertze itzulixka baten ondotik, Astearterako indarrak gordetzera joan ziren.
Bitxikeri moduan, astelehen arratsean Iturenen emakumeak ibili ziren joareak jotzen eta asteazken arratsaldean, Aurtitzen, gazteek eta emakumeek ireki zuten joaldunekin batera egindako puxka biltzea.
Larunbateko kontuen egunean bertsolariak aritu ziren. Herriko dantzariak ere aritu ziren. Aurtitzen afaria egin zuten larunbatean eta igandean kontuak ordaindu ondotik, soberan gelditutakoekin bazkaldu zuten.