Kolore eta giroz beteta joan dira aurten ere inauteriak. Igandeko karrozen desfilearengatik dira ezagun inauteri hauek, baina ortziraletik hasita, asteburu osoan giro bikaina izan zen.
Ortziralean gazteek eman zioten hasiera gosari eder batekin Ariztigain Kanpinean. Arratsalde partean haurren txanda izan zen. Aurtengoan eskolako haurrek Kalderero gaiarekin hainbat kanta eta dantza ikasiz eman zioten herriari buelta, frontoian itzulia bukatuz. Gauean berriz, emakumeen txanda izan zen. 103 emakume Ulibeltzak elkartean elkartu ziren, hori bai gizonak sukaldean eta zerbitzari lanetan zituztela. Aurten hitu zerbitzari berri zituzten: Aritz Arriola, Mikel Arretxea eta Jon Anzizar, sukalde lanetan berriz, Florentino Guelbentzu, Juan Miguel Urroz eta Jexux Mari Jorajuria. Afari ederra jan ondotik sorpresaren txanda ailegatu zen. Nafarroako jotak izan zituzten Sunbillako Ulibeltzak Elkartean. Zoragarria izan zen prestatutakoa. Zorionak hemendik antolatzaileei.
Larunbatean berriz, gazteek herrian eskean ibiltzen dira. Arratsaldean berriz, haurren txanda izan zen Ulibeltzak elkartean.
Karroza desfilea
Igandea, egun ederra izan zen, Karrozen desfilea. Hotza bai, baina neguko egun eguzkitsua suertatu zen eta horri esker, kolorez betetako goiza izan zuten Sunbillan. Betiko hiru karrozak eman zioten irekiera karrozen desfileari. Bertan 350 litro salda, 80 kilo gaztain, 1.800 arraultzen tortillak, 175 litro ardo, 40 kilo hirinarekin egindako taloak eta 10 gazta barra banatu zituzten ikusleen artean. Ondotik, zerria eta bildotsa urtero bezala desfilea bukatutakoan zozketatzeko eta segidan, Elutxa txarangak alaiturik Sanferminetako peñak Padilla toreatzailearekin, mendi errusiarra, Sunbillako unibertsitatea, martzianoak, veneziako iñauteriak, tanborrada, martetxof, amerikarrak euskal etxean, sant-eroak, etab.
Desfilearen ondotik, aipatu bezala, zozketa egin zen. Aurten 7.000 boleto saldu dituzte eta sariak herrian gelditu dira. Zerria Joxemi Petrirenarentzat eta bildotsa, berriz, Pako Altzugaraientzat izan da.
Ulibeltzak elkartean bazkaria eta Santxotena akordioilariarekin musika. Honekin akautu dira inauteriak. Hurrengo urtean berriz.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!