Vascuencearen Legeari aurre eginez Nafarroan euskarak aitzinera eginen du

TTIPI-TTAPA 2015eko otsailaren 5a

Kontseiluko kideak eta euskararen aldeko eragileak, Iruñean egindako agerraldian. Utzitako argazkia.

Normalizazioa erraztuko duen hizkuntz-politika eskatuko dute apirilaren 25ean Anaitasunan

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok agerraldia egin zuen urtarrilaren 26an Nafa­rroako hainbat lagun esanguratsuk lagunduta. Iruñean egin zuten agerraldian Vascuencearen Legearen aldaketaren inguruko iritzia eman zuten. Bide batez, gaia aztertzeko ilbeltzaren 27an egitekoa zen Plenoa otsailaren 19ra atzeratu izana salatu zuten. 
 
Bilbaorekin batera euskalgintzako ordez­kariak eta  alor desberdinetan aritzen diren Nafarroako pertsona esanguratsuak izan ziren agerraldian. Kontseiluko idazkari nagusiak guztien izenean hitz egin zuen: «28 urte euskararen normalizazioa eragozteko helburuz pen­tsatutako lege baten eraginpean. 28 urte Nafarroa zatitzen, nafarrak urruntzen, harresiak eraikitzen, hizkuntza-eskubideak urratzen lege bitartez. 28 urte Nafarroari bere izana legez aldatu nahian».
 
Otsailaren 19ko plenoan, ustekaberik ezean, «partzialki, arinki bada ere, zoritxarreko legea aldatua izango da eta euskararen aldeko mugimenduak aukera berriak izango ditu nafarrei haiena dena itzul­tzeko lanak egiteko orain arte debekaturik izan ditugun ikastetxe publikoetan» aipatu zuen Kontseiluko idazkariak. 
 
Lege aldaketa ho­rren bitartez aukera berriak irekiko omen dira eta «gure apustua euskararen aldeko normalizazioa indartzea izango da, ikastetxe publikoetan lerroak irekiz eta ikastolak indartuz. 1+1 egitera goaz, herri ekimenez, bat eginda au­rrera egitera goaz».
 
Halere, Kontseiluaren ustez, Hizkuntza-politika egokia izateko 4 zutabetan oinarritu behar da: «Alde batetik, arkitektura juridikoaren egokitzapena egin beharra dago normalizazioa errazteko, bestaldetik, plangintzak abian jarri behar dira hiz­kuntza-politika politika planifikatua delako, hirugarrenez mota guztietako baliabideak esleitu behar dira eta azkenik, herri gogoaren elikadura etengabea bermatu behar da herrita­rrak direlako normalizazioaren motorra». 
 
Beraz, Kontseilua eta euskararen aldeko eragileak ez dira konformatzen aldaketatxoarekin: «Lege berri bat nahi dugu, behar dugulako. Sektore guztietan eta lurralde osoan eragingo duen legea nahi dugu. Arkitektura juridiko berria eraiki behar da, plangintza sendoen bitartez garatuko dena eta baliabide nahikoak esleiturik. Euskararen normalizazioa erraztuko duen hizkuntza politika behar dugu eta hori nola egin behar den publikoki azalduko dugu apirilaren 25ean Anaitasunan antolatuko dugun ekitaldian».
 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun