Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2015

Nafarroako txapelketa nagusia asteburuan abiatuko da

TTIPI-TTAPA 2015ko ots. 5a, 16:14

2013an Iruñeko Anaitasunan jokatu zen finala eta aurten Elizondoko frontoian izanen da. Artxiboko argazkia.

Finala Elizondoko pilotalekuan izanen da martxoaren 28an

Otsailaren 7an hasi eta mar­txoaren 28ra bitarte Nafarroako ber­tsolariak txapel beltza lortzeko leihan ariko dira. 42. edizioa da aurtengoa eta inoizko parte-hartzerik zabalena izan du, hain zuzen, 33 ber­tsolarik eman zuten izena eta abenduan egin zen kanporaketaren ondotik, orain 30 aterako dira plazara.

ESKUALDEKO 16 BERTSOLARI

Hainbat bertsolari beteranorekin batera, aurpegi berriak ere izango ditu txapelketake eta eskualdeko ordezkaritza zabala izanen da. Xabier Terreros, Iñigo Olae­txea, Ioar Tainta, Aimar Karrika eta Eneko Fernandez lesakarrak; Pa­txi Castillo eta Julen Zelaieta beratarrak, Amaia Elizagoien eta Ander Fuentes Itturri Zubietarrak, Alazne Untxalo eta Egoitz eta Iker Gorosterrazu iturendarrak; Bittor Elizagoien arraioztarra, Ko­tte Plaza elizondarra eta Migel Mari Elosegi Luze leitzarra. 

Txapelketak aitzineko urtetako molde bera izanen du. Bi hilabetez,  hiru fasetan banatuta 9 saio jokatuko dira: 5 final-laurden, 3 finalaurreko eta finala. 30 bertsolarik kantatuko dute final-laurdenetan, ondoko fasera 18 pasako dira eta finalean 8 bertsolari ariko dira kantuan. Finalaurreko saioetako bat Lesakan izanen da, martxoaren 8an eta final haundia Elizondoko pilotalekuan martxoaren 28an.

Saio guztietarako sarrerak aurrez salgai jarriko dituzte eta internetez ere erosten ahalko dira, www.bertsosa­rrerak.eu atarian.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun