Xaloa Telebista ikus daiteke gaurgero Iruñerrian

TTIPI-TTAPA 2015ko ots. 2a, 13:49

Argazkian: Xanti Kiroga (Udalbiltza), Xabi Lasa (Berriozarko alkatea), Joseba Igerabide (Xaloa TB), Oskar Zapata (Nafarroako Topagunea), Urko Aristi (TOKIKOM) Utzitako argazkia

EITBrekin hitzarmena ere sinatuko du, marrazki bizidunak euskaraz ikusi ahal izateko

Abenduan akitutako diru-bilketa kanpainan 53.760 euro bildu ondotik, Xaloa Telebista otsailaren 2an hasi da Iruñerrian emititzen. Iruñerriko euskarazko telebistaren seinalea LTDko 38. kanalean ikus daiteke.

Abenduan akitutako diru-bilketa kanpainan 53.760 euro bildu ondotik, Xaloa Telebista otsailaren 2an hasi da Iruñerrian emititzen. Iruñerriko euskarazko telebistaren seinalea LTDko 38. kanalean ikus daiteke.

 

Crowdfunding Kanpaina

Emitizen hasi ahal izateko, Xaloa Telebistak diru bilketa kanpaina egin zuen abenduan. 50.000 euro lortzeko helburua zuen kanpainak, telebistaren seinalea emitizeko tresneria erosi eta bi errepikagailu jartzeko, Ezkaba eta Elo mendietan. Kanpainaren helburua gainditu egin ziren, eta guztira 53.760 euro bildu ziren, Karena plataformaren bidez eta Udalbiltzak udalez udal egindako kanpainari esker. Telebistaren egoitza Berriozarren dago, Xaloak Udalarekin egindako hitzarmenari esker.

Xabi Lasa alkateak azpimarratu du «Berriozarrentzat ohorea dela Iruñerriko euskarazko telebista bertan egotea. Iruñerriko euskaldunok oso egoera konplikatua bizi dugu, eta oso pozik gaude egoera hori samurtzen laguntzeko aukera izateagatik». Guztira, 300 norbanako eta erakundek egin dituzte diru-ekarpenak Euskaltzaleen Topaguneak, TOKIKOMek eta Udalbiltzak bideratutako kanpainan. TOKIKOMeko presidente Urko Aristik bihotzez eskertu die laguntza parte hartu duten guztiei, helburua lortu izana euskal komunitatearen lorpen handia dela azpimarratuz. Udalbiltza eta Karenaren beraren laguntza ere nabarmendu ditu Aristik «haien laguntza funtsezkoa izan baita helburua lortu ahal izateko».

Bildutako 53.760 euroetatik, ia 19.000 jaso dira Udalbiltzak udaletan egindako gestioen bidez, eta beste 10.000 Oinarriak Plataformak egindako ekarpenetik. Udalbiltzako zuzendariak, Xanti Kirogak, nabarmendu du Iruñerrian euskarazko telebista bat martxan jartzea «mugarri handia dela zalantzarik gabe. Horrelako proiektu bat guztiz bat dator gure estrategiarekin, eta horregatik oso argi ikusi genuen lehen momentutik hau aurrera ateratzen lagundu behar genuela: azken finean, Iruñerria zen euskarazko LTDrik ez zegoen Euskal Herriko hirigune bakarra».

 

Lan teknikoak, aurrera

Bildutako diruarekin, Xaloak emisorea eta errepikagailu bat kokatu ditu Ezkaba mendian. Gauzak ongi bidean, otsaila bukaera aldera bigarren errepikagailua ezarriko du Elo mendian, seinalearen kalitatea eta irismena hobetzeko. Probako emisioak abendu bukaeran hasi ziren. Xaloa Telebista iruñerrian ikusi nahi duenak, LTDko 38. kanalean aurkituko du seinalea.

 

EiTBrekin hitzarmena

Lan teknikoak ez ezik, bertzelako batzuk ere egin dira Xaloa martxan jartzeko. TOKIKOMen bitartekaritzari esker, Xaloa Telebistak eta EiTBk lankidetza akordio bat sinatuko dute hurrengo egunetan. Hitzarmen horren arabera, EiTBk hainbat marrazki bizidunen eskubideak utziko dizkio Xaloari, Iruñerriko umeek euskarazko marrazkiak kontsumitzeko aukera izan dezaten. Urko Aristik azpimarratu duenez, hitzarmena aurrerapausu handia da TOKIKOMen estrategian «euskarazko hedabideen arteko igogailuak lanean jartzeko».

 

Emisioa martxan, astelehenetik aitzinera

Telebistako arduradun Joseba Igerabidek azaldu duenez, astelehenean bertan ekingo diote emisioari, eta programazioa hurrengo asteetan osatuko dute pixkanaka. Hala, astelehenean lehen albistegia emitituko dute, 15:00etan, eta hori doitzen emango dute astea. Hurrengo astean berriz, goizeko magazinea ere hasiko dira egiten. 11:00etan hasiko den magazineak erreportajeak, gai orokorrak eta aktualitatea uztartuko dute. Arratsaldean ere beste magazine bat gehituko da programaziora, asteko egun bakoitzean gai bati buruzkoa: kirola, udala, kultura, ekonomia, aisialdia... Horrez gain, saio tematikoak ere gehituko dira pixkanaka: haurrentzako saioa, musika, guraso eta haurrentzako Ikas Jolas, Ur eta Lur naturari buruzkoa, Herriz Herri... Igerabidek azaldu duenez, eduki horiek guztiak pixkanaka-pixkanaka joango dira gehitzen, eta hilabete inguruko tartea beharko dute parrilla guztiz osatu arte. Hori dela eta, pazientzia eskatu die ikusleei.

 

Euskal komunitatearen lorpena

Ekitaldia amaitzeko, Nafarroako Topaguneko arduradunak, Oskar Zapatak, bere poza adierazi du: «euskal komunitate osoaren lorpen handia da Iruñerrian euskarazko telebista bat martxan jartzea, eta erantzukizun handia ere bai. Errazena egin dugu: telebista martxan jartzea. Orain denon artean landu beharko dugu Xaloa bizirik mantentzeko modua».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun