Vascuencearen Legeari aurre eginez Nafarroan euskarak aitzinera eginen duela dio Kontseiluak

TTIPI-TTAPA 2015eko urtarrilaren 28a

Kontseiluak eta euskararen aldeko eragileek agerraldia egin zuten Iruñean. Utzitako argazkia

Normalizazioa erraztuko duen hizkuntz-politika eskatuko dute apirilaren 25ean Anaitasunan

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok agerraldia egin zuen urtarrilaren 26an Nafarroako hainbat lagun esanguratsuk lagunduta. Iruñean egin zuten agerraldian Vascuencearen Legearen aldaketaren inguruko iritzia eman zuten. Bide batez, gaia aztertzeko ilbeltzaren 27an egitekoa zen Plenoa otsailaren 19ra atzeratu izana salatu dute.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok agerraldia egin zuen urtarrilaren 26an Nafarroako hainbat lagun esanguratsuk lagunduta. Iruñean egin zuten agerraldian Vascuencearen Legearen aldaketaren inguruko iritzia eman zuten. Bide batez, gaia aztertzeko ilbeltzaren 27an egitekoa zen Plenoa otsailaren 19ra atzeratu izana salatu zuten.

Bilbaorekin batera euskalgintzako ordezkariak eta alor desberdinetan aritzen diren Nafarroako pertsona esanguratsuak izan ziren agerraldian: Iker Gorrosterazu (Bertsozale Elkartea), Xabi Gartzia (AEK), Alizia Iribarren (AEK), Gorka Iriarte (EHE), Joxerra Olano (IKA), Sergio Iribarren (Sortzen), Bego Bados, Asier Biurrun, Maider Irazoki, Arantza Goienaga, Javi Tejedor, Helios del Santo, Nestor Esteban, Garikoitz Torregrosa, Josetxo Apezetxea, Jorge Arias, Malen Eugi, Oier Zuñiga, Susana Garralda eta Oskar Zapata.

Kontseiluko idazkari nagusiak guztien izenean hitz egin zuen: “28 urte euskararen normalizazioa eragozteko helburuz pentsatutako lege baten eraginpean. 28 urte Nafarroa zatitzen, nafarrak urruntzen, harresiak eraikitzen, hizkuntza-eskubideak urratzen lege bitartez. 28 urte Nafarroari bere izana legez aldatu nahian”.

Otsailaren 19ko plenoan, ustekaberik ezean, “partzialki, arinki bada ere, zoritxarreko legea aldatua izango da eta euskararen aldeko mugimenduak aukera berriak izango ditu nafarrei haiena dena itzultzeko lanak egiteko orain arte debekaturik izan ditugun ikastetxe publikoetan” aipatu zuen Kontseiluko idazkariak.

Lege aldaketa horren bitartez aukera berriak irekiko omen dira eta «gure apustua euskararen aldeko normalizazioa indartzea izango da, ikastetxe publikoetan lerroak irekiz eta ikastolak indartuz. 1 + 1 egitera goaz, herri ekimenez, bat eginda aurrera egitera goaz».

Halere, Kontseiluaren ustez, Hizkuntza-politika egokia izateko 4 zutabetan oinarritu behar da: «Alde batetik, arkitektura juridikoaren egokitzapena egin beharra dago normalizazioa errazteko, bestaldetik, plangintzak abian jarri behar dira hizkuntza-politika politika planifikatua delako, hirugarrenez mota guztietako baliabideak esleitu behar dira eta azkenik, herri gogoaren elikadura etengabea bermatu behar da herritarrak direlako normalizazioaren motorra».

Beraz, Kontseilua eta euskararen aldeko eragileak ez dira konformatzen aldaketatxoarekin: «Lege berri bat nahi dugu behar dugulako. Sektore guztietan eta lurralde osoan eragingo duen legea nahi dugu. Arkitektura juridiko berria eraiki behar da, plangintza sendoen bitartez garatuko dena eta baliabide nahikoak esleiturik. Euskararen normalizazioa erraztuko duen hizkuntza politika behar dugu eta hori nola egin behar den publikoki azalduko dugu apirilaren 25ean Anaitasunan antolatuko dugun ekitaldian».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun