Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Marta Verak eta Euskal Autonomia Elkarteko haren homonimo Jon Darpónek akordio bat sinatu zuten urtarrilaren 23an Donostian. Haren bidez, bi komunitateen arteko lankidetza berritzen da datozen hiru urterako mugakide diren udalerrien osasun-arretarako. Akordioak Nafarroako udalerrietako 10.000 biztanle ingururi eragiten die: eskualdeko Arantza, Igantzi, Lesaka, Etxalar, Bera, Arano eta Goizuetari ez ezik, Arabarekin muga egiten duten Cabredo, Genevilla, Lapoblación, Marañón eta Meanori.
Zehazki, Arantza, Igantzi, Lesaka, Etxalar eta Berako bizilagunek laguntza espezializatua Irun eta Hondarribiako osasun-zentroetan jasoko dute, eta Arano eta Goizuetakoek, Donostiako Ospitale Unibertsitarioan eta haren inguruko zentroetan.
Cabredo, Genevilla, Lapoblación, Marañón eta Meanoko bizilagunen kasuan, lehen-mailako arretatik aurrerako laguntza Arabako osasun-zerbitzuetan emango da. Bestalde, Osasunbideak Arabako herri hauetako bizilagunei emango die osasun-laguntza: Arraia-Maeztu, Bernedo, Kanpezu-Campezo, Lagran eta Haran/Valle de Arana.
Gainera, Osakidetzak "bigarren iritzia" eskatzeko edo goi-espezializazio modura egindako desbideratzeei arreta emanen die, honako hauei buruzkoak direnak, batez ere: azterketa genetikoak, anatomia patologikoa, fibromialgia-diagnostikoak, esku hartzeko erradiologia, eta espezialitate jakin batzuk, neurokirurgia eta onkologia bereziki.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!