Xabi Ibargarai nahi eta ezinean ibili zen Fustorekin

TTIPI-TTAPA 2015eko urtarrilaren 26a

Hirugarren setean bakarrik erakutsi zion bizkarra Ibargaraik Fustori. innpala.com

Argentinarrak bere bosgarren txapela jantzi du Munduko buruz buruko pala txapelketan, erratzuarraren bigarren finalean

Pablo Fusto argentinarrak buruz buruko Munduko pala txapelketa bosgarren aldiz irabazi du, laugarrena segidan. Iaz bezala, Xabi Ibargarai erratzuarra izan zuen arerio urtarrilaren 24an Bilbon jokatutako finalean eta hiru setak irabazi zituen Buenos Airesekoak (10-3, 10-5, 10-8).

Pablo Fusto argentinarrak buruz buruko Munduko pala txapelketa bosgarren aldiz irabazi du, laugarrena segidan. Iaz bezala, Xabi Ibargarai erratzuarra izan zuen arerio urtarrilaren 24an Bilbon jokatutako finalean eta hiru setak irabazi zituen Buenos Airesekoak (10-3, 10-5, 10-8).

Argentinarra faborito garbia zen arren, Xabi Ibargaraik teoria argi zeukan finala hasi baino lehen: Fusto mugiarazi beharra zeukan zerbait lortzekotan. Baina gauza bat da erratea eta bertzea egitea. Fusto hanka geldian jaun eta jabe izan zen lehen bi set edo jokuetan. Erratzuarra urduri xamar ere atera zen eta lehen seta 10-3 galdu zuen. Sakea izan behar zen Ibargaraien baliabideetako bat, baina falta bat egin zuen eta tanturik ez zuen lortu. Bigarren seta ere bide beretik joan zen eta argentinarra 6-1 aitzindu zen. Orduan hasi zen Ibargarai lasaitzen eta bere lehen errebotea ere sartu zuen. Alferrik, bigarren partziala ere Fustok irabazi baitzuen (10-5).

Dena galdua ikusterakoan hasi zen bere jokua egiten erratzuarra. Hirugarren setean 7-4 aitzinetik izan zen, baina suertea ez zuen lagun izan eta ez zuen finala luzatzeko aukerarik izan, 10-8 irabazi baitzuen hirugarren seta eta bere bosgarren txapela Fustok.

Iruñeko Oscar Insaustik zazpi txapel jantzi zituen 1995 eta 2003 urteen artean eta marka hori gaindiezina zirudien. Fustok bortz txapel baditu gaurgero eta gaur egun ez dirudi inork itzal egiten ahal dionik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun