Azken egun hauetan, beren azken egoitzarat segituak izan dira bi herritar ezagun: Honorine Chipy eta Edouard Gachen. 80 urteko gizona biziki estimatua zen urteetan herriko etxeko idazkaria izan baitzen. Erretiroa hartuta ere herritarrak eta bereziki laborariak lagundu izan ditu paperak betetzen.
Bertzalde, Audeneteko zuhaitzaren azken adaska erori dela azpimarratu du jaun erretoreak Honorine Chipy, sortzez Borthaire Xabateneko etxeko andreari egin zaion azken agurrean. 95 urte bete berri zituen ibarrundar maitagarriak. Pilotan, berdin kontrabandoan, laborantzan…deneri lotu behar izan zuen lau alaba mundurat ekarri zituen andereak. Honorine zenaren memoriaren parte bat Senperetik Senpererat liburuan agertzen da. Miarritzeko bonbardaketaren lekuko zuzena izan zen 1944ko martxoaren 27an. Orduan neskato zen Uztaritzen eta egun hortan Miarritzerat joana zen bizikletaz. Bonbardaketan biziki beldurtu zen bai eta kolpatu bonba baten perdira hartu baizuen aztalean. 1960ko hamarkadan begi txarrez ikusi zuen laborarieri Ortzango errekako gozamena kentzea Senpereko aintzira eraikitzeko. Borroka gogorra bezain luzean parte hartu zuen lurra galtzea ez baitzuen batere gustukoa Honorine zenak. Doluminak!