Charlie Hebdoren kontrako atentatuak zer erran haundia sortu du hemen ere

Franck DOLOSOR 2015eko urtarrilaren 22a

Atentatuaren ondoko ale berria erosteko 300 galde izan dituzte Lekuonaren etxean

Charlie Hebdo astekari satirikoaren kontrako atentatuak samina, kezka eta haserre haundia sortu du Senperen ere. Cabu marrazkilaria zen ezagunena hau­rrentzat egiten ziren telebista saioetan ager­tzen baitzen duela zonbait urte. 1992az geroz, bertze motako ma­rrazkiak egiten zituen Charlie Hebdo mugarik ez zuen agerkari umoretsuarentzat. Bere heriotzak zur eta lur utzi ditu herritar frango. U­sai­an ez dira hainber­tze astekari saltzen gure herrian baina atentatuaren ondoko ale berria erosteko 300 galde izan dituzte Lekuonaren etxean. Bertzalde, he­rriko eskoletan kazetari, marrazkilari eta juduen kontrako atentatuak aipatu dituzte ikasleekin. Solasaldiak burutu dituen irakasle batek dio kultura eta hez­kuntza aterabide baka­rrak direla islamarekin deus ikusteko ez duen fanatismoaren kontra bo­rrokatzeko.
 
Parisen berean Jere­my Trottin kazetari senpertarrak hurbiletik segitu ditu erasoak eta ondoko egunetan egin diren mobilizazioak. Azken urteetan BFM-TV albistegi telebistaren­tzat lan egiten duen gazteak dio «egun gogorrak izan direla». Jeremyren ustez «zori­txarrez arazoa ez da batere konpondua 10 urte­ko haur askok ez baitute minutu bateko isilunea egin nahi izan». Frantziako lehen minis­troak iragarri dituen segurtasun neurri berriak ez dira aski izanen egoerari buru egiteko, arazoa sakonagoa baita Trottinen arabera.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun