Inauteriak gainean ditugu eta egitarauaren berri zehatza aldizkari honetako gehigarrian duzue. Iduri ez badu ere, inauteriek ere bere legeak badituzte. Gazteak elkarteak prestatzen ditu inauteriak eta inauterietako arauak eta prezioak agertu dituzte. Puxkak biltzen beranduenez 09:15ean hasiko dira. 12:00etan gosariko mahaiak bildu eta estalpeko mahaia libre utziko da. Azken urteetan bezala, 19:30ean mahaitik altxatu beharko da. Afariak 22:00etan izanen dira. Bazkarirako txartelak 12:30ak baino lehen hartu beharko dira. Elkartetik kanpo daudenentzako prezioak: Gosaria, 12 euro; bazkaria, 20 euro; afaria, 20 euro. Larunbateko afaria eta asteazkeneko bazkaria, 15 euro. Eserita gosaltzen duen haurrak 12 euro ordaindu beharko du, bestela pintxo bana emanen zaie borondatez. Denek borondatea jarrita, gauzak errezago egiten direnez, iñotetako larunbatean gazteen artean ardurak banatuko dira.
TTUNTTURROEK 60 URTE
Serokobordako Alejandro Santesteban, joaldun zaleak gogotik ikertu du inauteriaren eta joaldunen historia. Ttuntturroak, bere ustez, orain dela 60 urte, 1955 inguruan, hasi ziren janzten. Zumea edo zimitzarekin eman zioten forma, estruktura. Ordura arte zapelarekin edo ibiltzen omen ziren. Dena den, ez omen ziren orain bezainbertze joaldun ibiltzen eta dena informalagoa izaten omen zen. Horren erakusgarri, lau lagun joan omen ziren joaldun Iturenera ttuntturroei inaugurazioa emanez: Manuel Loiarte, Ignacio Santesteban, Perico Monaco eta Santiago Mutuberria.