Baztan-Bidasoaldeko hainbat udalek behin eta berriz bere kezka agertu dute N-121A errepidearen egoerarekin. Udal ordezkariek hainbat bilera egin dituzte gai honen inguruan dagoen egoera modu batean edo bertzean hobetzeko eta herritarren segurtasuna bermatzeko. Orain dela hiru urte hasi ziren errepide honetan dauden tunelen inguruan Nafarroako Gobernuarekin kanpaina informatibo bateratu bat egiteko prestatzen. Hainbat atzerapen eta oztopo gainditu ondoren kanpaina hau abiatuko dutela jakinarazi zuten urtarrilaren 14an Malerrekako Mankomunitatearen egoitzan eskainitako prentsaurrean.
Bai suhiltzaileekin baita Nafarroako Gobernuko larrialdietako arduradunekin bildu ondoren tunelen inguruko informazio eskasa zegoela konturatu ziren udal ordezkariak eta informazio falta honek herritarren segurtasuna arriskuan jar zezakela. Modu honetan, kanpaina hau abiaratzea erabaki dute herritarrek informazio gehiago eskuratu eta zalantzak argitu ahal izateko.
Horretarako Baztan-Bidasoaldeko herrietan Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egindako eskuorri informatiboa banatu dute. Aldi berean eskualde mailan bilera informatiboak egin dituzte egunotan.