Larunbata suertatzen denez, zerbait berezia antolatu du Zubietako Udalak San Anton Egunerako, urtarrilaren 17an. Goizeko 11etan meza izanen da San Antongo baselizan eta meza ondotik hamaiketakoa. Iñaute zaharrari buruzko erakusketa ere eginen da, Ortzadar taldeak prestatua estalpean. Bezperatik jarriko dute eta eguerdira arte egonen da.
Eguerdian, herrigunean izanen da giroa, herri kirol saioa izanen baita. Proba konbinatu mixtoa: alde batetik, aizkoran Ander Erasun aurtiztarra, zokorrak biltzen Naroa Elizalde, arpanean Mikel Telletxea eta Imanol Baleztena, lasterka Urko Loiarte, txingak eramaten Beñat Etxekolonea eta zakuarekin Olatz Baleztena; bertze taldean, berriz, aizkoran Migeltxo Mindegia, zokor biltzen Maialen Elizalde, arpanan Martxel Elizalde eta Josu Santesteban, lasterka Patxi Indakoetxea, txinga eramaten Eneko Santesteban eta zakuarekin Olaia Loiarte,
Arratsaldeko 4:30ean, Aresoko antzerki taldeak Haiek garaiek emanaldia eskainiko du estalpean. 5etan mus txapelketa ere eginen da Herriko Ostatuan. Bikoteak 10 euro ordaindu beharko da eta 6etan berendua haurrendako. Beti bezala, herriko musikariekin estalpean ilunabarrean giro polita izanen da.
Baserritarrendako eta mendi mutilendako beti egun berezia izan da San Antongoa, baina urteen poderioz indarra galtzen joan zen. Azken urteetan, berriz ere indartzen ari da eta giro polita sortzen da herrian.