Zonaldeko hainbat udalek behin eta berriz bere kezka agertu dute N-121 errepidearen egoerarekin. Udal ordezkari bezala hainbat bilera egin dituzte gai honen inguruan dagoen egoera modu batean edo bertzean hobetzeko eta herritarren segurtasuna bermatzeko. Orain dela hiru urte hasi ziren errepide honetan dauden tunelen inguruan Nafarroako Gobernuarekin kanpaina informatibo bateratu bat egiteko prestatzen. Hainbat atzerapen eta oztopo gainditu ondoren kanpaina hau abiatuko dutela jakinarazi dute urtarrilaren 14an Malerrekako Mankomunitatearen egoitzan eskainitako prentsaurrean.
Bai suhiltzaileekin baita Nafarroako Gobernuko larrialdietako arduradunekin bildu ondoren tunelen inguruko informazio eskasa zegoela konturatu ziren udal ordezkariak eta informazio falta honek herritarren segurtasuna arriskuan jarri zezakela. Modu honetan, kanpaina hau abiaratzea erabaki dute herritarrek informazio gehiago eskuratu ahal izateko eta zalantzak argitu ahal izateko.
Horretarako Baztan-Bidasoaldeko herrietan Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egindako eskuorri informatibo bat banatu dute. Aldi berean eskualde mailan izanen diren bilera informatiboen hitzorduak banatu dituzte herritar guztiak bilera hauetara gonbidatuz.
Bilerak
Malerreka: Urtarrilaren 15ean, ortzegun arratsaldeko 7etan Doneztebeko Zinean.
Baztan: Urtarrilaren 19an, astelehen arratsaldeko 7tan Elizondon, Arizkunenea Kultur Etxean.
Bortziriak: Urtarrilaren 20an, astearte arratsaldeko 7etan Lesakan, Udaleko Osoko Bilkura Gelan.