Olentzerok eta Mari Domingik alaitasunez eta ilusioz gainezka bisitatu gaituzte

Marga ERDOZAIN 2015eko urtarrilaren 8a

Erreka dantza taldeak sua, musika eta dantza nahasi zituen bere ikuskizunean

Eguberrietan eta, azkeneko urtetako ohiturari jarraituz, Olentzero eta Mari Domingi Doneztebeko karriketan barna ibili dira bertako dan­tzariek, musikariek eta doneztebarrek lagunduta. Urtero, Olen­tzeroren etorrerak gau ho­rren magia eta ospakizuna gozaraztera murgiltzen gaitu. Gau magikoa benetan, norberak zentzua bilatuko dio, nahi duen kutsua emanez: kristaua edo bes­telakoa. Edozein izanda ere, ez dago zalan­tzarik zirraragarria dela egun horretan bizi dugun giroa. Gau magiko honetan neguko solstizioaren oihartzuna agerian gelditzen da. Tradizio paganoa eta erlijiosoa, biak uztartuta, biak orekan, biak uniber­tsalak… Erreka Dantza taldeak musika, dan­tza eta suzko elementuak nahasita, ongi harmonizatuta,  Olentzero eta Mari Domingiri agurra eginez  sinesmen zaha­rra eta kristaua ederki uztartu ditu aurtengoan ere. Batzuendako Jesusen jaiotza beste ba­tzuendako ospakizun unibertsalagoa izanen da. Ama-lurra lotan dago, gure mendietako hartza neguloan baina udaberriko ekinozioa iristean, hartzarekin batera, ama-lurra esnatuko da, indarrik gabe izan den Eki edo Eguzki (euskaldunon­tzat bizi­tzaren jainkosa) berpiztuko da, uztak azalduko dira eta gizakiaren bizimodua lur azalean izanen da, aisago, errazagoa, neguko leize-zuloen babesa, behin behinekoz baztertuta. Itxaropen hori izanda, gure pizkundea ere gauzatuko dela amestuko dugu. Ea magia horrek 2015. urtean zehar irauten digun!
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun