Nafarroako Mendialdeko arlo komertziala eta zerbitzuetakoa sustatzeko ‘Hurbileko landa-merkataritza’ koperazio proiektua gauzatu du Cederna-Garalur elkarteak. Abenduaren 18an Malerrekako Mankomunitatean egin dute jardueren balantzea eta beharrezkotzat jo dute tokiko merkataritza sustatzeko ekimenak indartzea.
Parte-hartzean oinarritutako proiektua izan da elkarte, herrietako biztanle, komertzio eta kolektiboekin elkarlanean aritu baitira. Bost lan talde osatu dituzte Donezteben, Agoitzen, Zubirin, Zangozan eta Arbizun. Horretaz gain inkestak ere banatu dituzte, hurbileko merkataritzaren bilakabideari buruzko 163 inkesta egin dira eskualdeko komertzioetan eta 300 inkesta pertsonal ere egin dituzte. Egoeraren inguruko ikuspegi osoa jasotzea zen asmoa, arazoak eta indarguneak identifikatzeko.
Azkenik, hiru sentsibilizazio jardunaldi antolatu dira Agoitzen, Donezteben eta Arbizun bertako merkatariekin. Diagnostikoetan antzemandako arazoak eta joerak eztabaidatu dira bertan, baita praktika onak ere, eta gainera hurrengo 5 urtetan hurbileko merkataritzan gara litezkeen estrategiak planteatu dira. Proiektuaren hedapenerako markarako irudi bat sortu da, eta publizitate kanpaina bat burutu dute tokiko hedabideetan “Hemen erosi, eguberrietan ere ”lelopean. Eta etorkizunean ere kontsumo arduratsua sustatzeko, erosketa ohituren garrantziaz sentsibilizatzeko eta batez ere, gure herrietako denden eta zerbitzuen eskaintza aintzat hartzeko.
TESTIGANTZAK
Elizondoko Fantxikeko Mikel eta Maider Sobrinok diotenez, «gure indarra bezeroengandik hurbil egotea da, beraz aholkurik hoberenak ematen saiatzen gara, modu pertsonalizatuan artatzen…».
Berako Fran Agararen erranetan, «sare komertzial on batek herri oso bat dinamizatzen du, biziarazten eta pozez betetzen. Aldiz, denda itxi anitz dituen herri bat ikusterakoan tristura sartzen zaizu».