2009an banatu zituzten lehenbiziko konpostontziak. Bortziriak eta Mendialdea izan ziren aitzindariak, eta ondotik hasi ziren Baztanen, Malerrekan eta Bertizaranan. Gaur egun,1.886 familia dira etxeko konposta egiten dutenak eta 979 auzokoa egiten dutenak.
Guztira 2.865 familia dira Baztan, Bertizarana, Bortziriak, Arano, Areso, Goizueta, Leitza eta Malerrekan hondakin organikoekin konposta egiten dutenak: 1.886 familia etxeko konposta egiten dutenak eta 979 auzokoa egiten dutenak. Bertzela erranda, ia lautik batek egiten du konposta. Azken bozpasei urteotako emaitzak dira, tarte horretan paratu baitute martxan konpostajea eskualdean, lehenbizi etxekoa eta gero auzokoa. Izan ere, materia organikoa murrizteko bidean, Baztango Udala eta Malerreka, Bortziriak eta Mendialdeko Mankomunitateen arabera, legediak finkatutako helburuak lortzeko sistemarik egokiena konposta egitea da.
ARAUDIAK
• Europako 2008/98 Zuzentarauarekin eman ziren lehen urratsak materia organikoaren gaian. Biohondakinen inguruko definizioa ere bildu zuen: lorategietako eta parkeetako hondakin biodegradagarria; etxe, jatetxe zein kontsumo-establezimenduetan sortzen den sukaldeko hondakina; eta janaria transformatzen den fabriketan sortzen den antzeko hondakina. Araudi honek dio biohondakinak berezita bildu eta tratatu behar direla, eta biohondakinetatik sortutako materialei erabilera segurua eman behar zaiela ingurumenari dagokionez.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia ere zehazten du, jarraitzeko ordena hau dela erranez: hondakinak tratatzeko lehen urratsa prebentzioa edo hondakin guttiago sortzea dela ageri da. Bigarrena berrerabiltzea, hirugarrena birziklapena, laugarrena bertze balorizazio-mota bat, adibidez, balorizazio energetikoa eta azken aukera gisa deuseztatzea ageri da.
• Estatu espainiarreko Hondakinen eta Kutsatutako Lurzoruen 22/2011 Legearen helburua hondakinen kudeaketa erregulatzea da, hondakin guttiago sortzeko neurriak bultzatuz eta hondakinak kudeatzerakoan giza osasunaren eta ingurumenaren aurkako inpaktuak arinduz. 2020rako papera, metalak, beira, plastikoa, biohondakinak edo birziklagarriak diren hondakinen kopuruak guttienez pisuko %50era ailegatu behar duela aipatzen du legeak. Biohondakinen bilketa berezia eta hauen tratamendua ere ageri dira, baita etxeko eta auzoko konpostajea ere.
• Nafarroako Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralak mankomunitateek bete beharreko zenbait helburu zehazten ditu: hondakinen sorreraren prebentzioa xede nagusitzat ezartzeko neurriak hartzeaz ari da, baita berrerabilpena eta etxeko eta auzoko konposta egiteko ekintzak bultzatzeaz ere, hala, egun sortzen diren hondakinen %10 murriztea lortuko delakoan. Gisa berean, 2020rako 2011n sortutako biohondakinen erdia bereizita bildu beharko dela dio planak, eta desegokiak diren hondakinak gehienez %10 izan beharko dutela.
| BAZTAN | Etxeko konposta | Auzoko konposta |
| Almandoz | 12 | 0 |
| Amaiur | 34 | 7 |
| Aniz | 24 | 0 |
| Arizkun | 69 | 0 |
| Arraioz | 32 | 18 |
| Azpilkueta | 16 | 0 |
| Berroeta | 31 | 0 |
| Elbete | 26 | 9 |
| Elizondo | 136 | 156 |
| Erratzu | 44 | 28 |
| Gartzain | 22 | 0 |
| Irurita | 48 | 38 |
| Lekaroz | 37 | 6 |
| Oronoz-Mugairi | 30 | 3 |
| Ziga | 19 | 0 |
| GUZTIRA familiak | 580 familia | 265 familia |
| MENDIALDEA | Etxeko konposta | Auzoko konposta |
| Arano | 15 | 0 |
| Areso | 17 | 0 |
| Goizueta | 37 | 42 |
| Leitza | 113 | 117 |
| GUZTIRA familiak | 182 familia | 159 familia |
| MALER./BERTIZ. | Etxeko konposta | Auzoko konposta |
| Beintza-Labaien | 18 | 0 |
| Donamaria | 69 | 0 |
| Doneztebe | 77 | 59 |
| Elgorriaga | 34 | 0 |
| Eratsun | 20 | 0 |
| Ezkurra | 13 | 0 |
| Ituren | 58 | 3 |
| Legasa | 28 | 3 |
| Narbarte | 32 | 0 |
| Oieregi | 10 | 0 |
| Oiz | 27 | 0 |
| Saldias | 8 | 0 |
| Sunbilla | 60 | 19 |
| Urroz | 26 | 0 |
| Zubieta | 44 | 3 |
| GUZTIRA familiak | 524 familia | 87 familia |
| BORTZIRIAK | Etxeko konposta | Auzoko konposta |
| Arantza | 57 | 7 |
| Bera | 208 | 237 |
| Etxalar | 76 | 0 |
| Igantzi | 95 | 1 |
| Lesaka | 164 | 223 |
| GUZTIRA familiak | 600 familia | 468 familia |
KONPOSTAJEA BAZTAN, MALERREKA, BERTIZARANA, BORTZIRIAK ETA MENDIALDEAN
Baztandarren %28k konposta egiten du etxeko hondakin organikoekin
2010ean eman zituzten konposta egiteko lehen urratsak Baztanen. Urte hartan konpostagailu batzuk eskatu eta 2011n 20 banatu zituzten. Geroztik, ugaritu egin dira. 2012an, adibidez, 149 konpostagailu banatu zituzten, 2013an 54 eta 2014an 356. Jendearen eskaerari erantzunez, auzoko konpostarekin hasi ziren: 2013an hiru proiektu pilotu paratu zituzten Elizondoko Baztan Berri eta Paularena auzoetan eta Arraiozen. Horrez gain, Anizko herritarren ia %100ak etxeko konpostan parte hartzea lortu zuten. Egun, baztandarren %28,17k egiten du konposta. Miren Meoki teknikariak argi du «konposta gure zonaldean gai organikoa kudeatzeko sistemarik egokiena dela, hondakinen kudeaketa eta tratamendua gero eta konplikatuagoa den honetan, tratamenduak deszentralizatuz eta zikloan bertan itxiz denok irabazten dugu». Baztandarren artean konpostak duen harrera «arras ona» dela dio: «martxan diren puntuek ez dute arazorik eman, eta astero izen-emate berriak izaten ditugu. Ez da seinale txarra!».
Arano, Areso, Goizueta eta Leitzan %15,64k egiten du konposta
2009an paratu zuten etxeko konpostajea martxan Arano, Areso, Goizueta eta Leitzan, eta herri hauekin batera, Mendialdea Mankomunitatearen barne dauden Larraun eta Lekunberrin ere bai. Urte hartan sei herrietan 52 konpostagailu banatu zituzten, horietatik 3 Aranon, 4 Areson, 9 Goizuetan eta 21 Leitzan. Bortz urte beranduago, sei herrietan 278 familia dira etxeko konpostagailua dutenak, horietatik 182 Arano, Areso, Goizueta eta Leitzan. 2013ko azaroan Leitzan auzoko konpostajearekin ere hasi ziren. Geroztik, Goizuetara ere zabaldua da zerbitzua eta gaur egun, bi herrietan 159 familia dira auzoko konpostan parte hartzen dutenak. Aranon herritarren %17,24k egiten du konposta, Areson %11,56k, Goizuetan %18,33k eta Leitzan %15,18k. Bakartxo Huizi Mendialdea Mankomunitateko arduradunak adierazi digunez, «jendearen aldetik oso harrera ona» izaten ari dira: «oraingoz helburuak betetzen hasi gara, baina aurrerago ez balira beteko, behartzen bukatu beharko dugu».
Herritarren ia %32k egiten du konposta Bortzirietan
Etxeko konpostarako lehen ontziak 2009an banatu zituzten Bortzirietan eta auzoko konpostarekin 2012an hasi ziren. Urtetik urtera, «gero eta jende gehiago animatzen ari dela» dio Txomin Elgorriaga teknikariak. Gainera, aurten auzoko konpostarekin «pausu haundia» eman dutela aipatu digu. Datuak dira emaitzen lekuko: biztanleriaren %31,91k egiten du konposta, 600 familiak etxeko konposta eta 468k auzokoa. Teknikariak kontatu digunez, «hasieran jendeak beldur pixka bat bazuen, ez zekielako zer zen eta arazoak izanen zirela uste zuelako. Baina orain, ongi eginda ez dagoela arazorik ikusi dute eta jendea animatzen ari da». Kontrakoak eta parte hartzen ez dutenak ere omen dira, baina bere irudiko, «jendeak ongi hartu du. Zerbait egin behar dela ulertu du, eta konposta egitea erosoa eta erraza dela ikusi du». Ondoko urteetan, konpostagailu gehiago banatu nahi dituzte, eta oroitarazi digu, «%30ak konposta egitea lortu bada ere, horrek %70ak ez duela parte hartzen erran nahi duela».
%15 igo da Bertizarana eta Malerrekan konposta egiten dutenen kopurua
2011n banatu zituen lehenbiziko konpostagailuak Malerrekako Mankomunitateak, baina bereziki aurten egin du gora erabiltzaile kopuruak. Miren Mangado hondakin teknikariak azaldu digunez, egun, Malerreka eta Bertizaranako biztanleriaren %21,75ek egiten du konposta, eta aitzineko hiru urteetan %6,60 ziren. Aipatzekoa da, aurten hasi direla auzoko konposta egiten. Zubieta eta Ituren izan dira horretan lehenak eta hango martxa ikusirik, bertze herrietan zabaltzen hasi dira. Gaur egun, etxez-etxe 524 konpostagailu banatuak dituzte eta auzoko konposta 87 familiak egiten dute. Jendearen erantzuna, beraz, «baikorra» dela dio Mangadok. Etorkizunari begira, «erabiltzaile kopuruak igotzen segitzen badu eta modu honetan lanean segitzen badugu, finkatu dizkiguten helburuak lortzeko bidean izanen garela» uste du. Baina garbi du «jendeak bere partetik esfortzua egin behar duela, gure kanpainetan parte hartu behar du denen artean helburuak lortzeko».