Xanti Utergak eta Endika Urrutiak jokatuko dute Master txapelketako finala larunbatean

TTIPI-TTAPA 2015eko urtarrilaren 9a

Endika eta Uterga, finalerako prest. Maialen Andres

Ortzegunean berezi zituzten pilotak doneztebarrak eta saldiastarrak

Erremonteko buruz buruko Master txapelketaren bosgarren edizioko finala jokatuko dute larunbatean Galarretan Xanti Uterga doneztebarrak eta Endika Urrutia saldiastarrak. Final handirako sei pilotak ortzegunean berezi ziztuzten.

Erremonteko buruz buruko Master txapelketaren bosgarren edizioko finala jokatuko dute larunbatean Galarretan Xanti Uterga doneztebarrak eta Endika Urrutia saldiastarrak. Final handirako sei pilotak ortzegunean berezi ziztuzten.

Aipatzekoa da biak bikote izan zirela azkeneko binakako txapelketan eta orain aurrez aurre izanen dira buruz buru. Utergak pilota motelagoak berezi zituen, «uda honetan erabili direnak, eta teorian baxuagoak izanen direnak. Uda ona egin dut material honekin». Txapelketa honetan jokatuko duen lehen partida izanen da eta hortaz, pilotak berezi eta gero Ezkurra eta Urrizarekin entrenatu zuen. Endikak, aldiz, hirugarren partida izanen du eta horrek abantailatxoa emanen dio. Gainera, Saldiaskoa jokuarekin dagoela azpimarratu zuen Utergak: «Atzelari jokatzen hasi zenetik hobe sakatzen du, guttiago hutsegiten du eta errebotea ongi dominatzen du. Halere, ez dut beldurrik eta nere jokuan konfidantza badut», zioen Doneztebeko aurrelariak.

Endikak, berriz, hiru pilota biziagoak aukeratu zituen, «sakearekin min egiteko intentzioarekin. Orain konfidantza handiagoa dut sakean eta errebotean, baina ikusi beharko finalean zer gertatzen den, partida ezberdinak baitira eta urduritasunak ere bere eragina izan dezake». Endikaren ustez Uterga da faborito eta «irabazteko oso ongi jokatu beharra dut. Utergak asko jokatzen du eta aurrelaria izan arren, sakea, errebotea eta dena ongi egiten du, baliabide asko ditu». Aurreko bi partidek bere jokoan konfidantza eman diotela onartu du Saldiasko erremontelariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun