Xanti Uterga doneztebarrak irabazi du erremonteko Master txapelketa

TTIPI-TTAPA 2015eko urtarrilaren 12a

Saldiastarra pilota astintzen, doneztebarra erne. Maialen Andres

Urtarrilaren 10ean Galarretan jokatutako finalean 30-24 irabazi zion Endika Urrutia saldiastarrari

Xanti Uterga doneztebarrak irabazi du erremonteko Master txapelketaren bosgarren edizioa, urtarrilaren 10ean Galarretan jokatutako finalean Endika Urrutia saldiastarrari 30-24 irabazita.

Xanti Uterga doneztebarrak irabazi du erremonteko Master txapelketaren bosgarren edizioa, urtarrilaren 10ean Galarretan jokatutako finalean Endika Urrutia saldiastarrari 30-24 irabazita.

2010ean jokatu zen Master txapelketaren lehen edizioa eta Uterga da hirugarren txapelduna, Ezkurrak eta Urrizak bina txapel irabazi baitituzte.

Oraingoan Xanti Uterga izan da txapelduna. Doneztebeko aurrelariak lan istripu larria izan zuen 2013an eta hamar bat hilabete eman zituen frontoietatik kanpo. Baina itzuli denetik, bi txapel haundi jantzi ditu, binakako txapeldun izan baitzen iaz eta maisuen maisu orain. Kirolak bigarren aukera eman dio eta ederki aprobetxatzen ari da.

Finalean bere esperientzia eta seriotasuna plazaratu zuen. Partida borrekatu eta piloteatuan sendo eta ziur mantendu zen. Partida osoan sake bakarra hutsegin zuen eta ez zuen bertze hutsegiterik egin. Endikak ere aurre egin zion Utergari,. Nahiz eta saldiastarra gibeletik izan markagailuan, doneztebarrak baino tantu gehiago egin zituen piloteoan (22 saldiastarrak, 19 doneztebarrak), baita hutsegite gehiago ere, zortzi denera. Gainera tantu bakarra egin zuen sakearekin eta Utergak lau.

Markagailuan beti aitzinean ibili zen doneztebarra (4-1, 11-9, 16-10, 24-20, 28-21 eta 30-24)

 

Urtarrilaren 10eko emaitzak Galarretan

1. Segurola, 19; Aizpuru III, 30

2. Uterga, 30; Endika, 24 Master txapelketako finala

3. Zeberio II-Barrenetxea IV, 40; Juaristi-Ion 22

4. Etxabe II-Zubiri, 20; Otaegi-Olazar, 30

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun