Abenduaren 28an Iruñeko Labriten jokatuko da frontoi laburreki Eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketaren finala. Julen San Miguel doneztebarra eta Urrestillako Aritz Etxeberria IV izanen dira aurrez aurre.
Igande arratsaldeko 4:30ean hasiko da jaialdia eta sarrerarekin biltzen den dirua Nafarroako minbizidun haurrak biltzen dituen ADANO elkartearentzat izanen da. Azkeneko lau urteetan Gorka Urtasun izan zen txapeldun, beraz, aurten txapeldun berria izanen da. Julen San Miguel izanen da faborito, gaur egungo buruz buruko txapeldun izateaz gain, ligaxkako partidan 30-23 irabazi baitzion Etxeberriari Bartzelonan. Baina finalak ezberdinak izan ohi dira eta ikusi beharko zer ematen duen igandekoak Labriten.
Igande arratsaldeko jaialdia hasteko, esku polotako partida jokatuko dute Agirree eta Etxamendik, Elizalde eta Landiribarren kontra. Buruz buruko finalaren ondotik, erremontean binaka ariko dira Xanti Uterga eta Patxi Olazar doneztebarrak, Ezkurra II doneztebarraren eta Endika Urrutia saldiastarraren kontra.
Jaialdiaren sarrera 10 eurokoa izanen da, baina 18 urtetik beheitikoak doan sartuko dira. Sarrerarekin batera, 300 eurotan baloratutako janari lote baten zozketan (Reyno Gourmet, Martiko, Embutidos Arrieta eta Bodegas Olimpia) parte hartuko dute.