Osaba-iloben arteko lehian zaharra garaile

TTIPI-TTAPA 2014ko abenduaren 22a

Tomas Rekondoren eskutik jaso zuen finaleko pilotaririk onenaren saria Koteto Ezkurrak. Maialen Andres

Koteto eta Ionek 40-35 irabazi zieten Ezkurra II eta San Migueli

Koteto Ezkurra eta Ionek irabazi dute binakako erremonte txapelketa, abenduaren 20an Hernaniko Galarretan jokatutako finalean Josetxo Ezkurra eta Julen San Miguel doneztebarrei 35-40 irabazi ondotik. Hortaz, osaba-iloben arteko lehian zaharra nagusitu zen eta Kotetok binakako laugarren txapela jantzi zuen, 1994, 1999 eta 2006an lortutakoen ondotik.

Koteto Ezkurra eta Ionek irabazi dute binakako erremonte txapelketa, abenduaren 20an Hernaniko Galarretan jokatutako finalean Josetxo Ezkurra eta Julen San Miguel doneztebarrei 35-40 irabazi ondotik. Hortaz, osaba-iloben arteko lehian zaharra nagusitu zen eta Kotetok binakako laugarren txapela jantzi zuen, 1994, 1999 eta 2006an lortutakoen ondotik.

Bi zati arras ezberdin izan zituen finalak. Lehenbizikoan Koteto eta Ion jaun eta jabe izan ziren eta horri esker, buelta ezinekoa zirudien markagailua lortu zuten (14-29). Baina dena galdua ikusi zutenean libratu ziren Ezkurra II eta San Miguel eta markagailua estutzea lortu zuten. Julenen sakean oinarrituta, bederatzi tantu segidan egin zituzten (23-29) eta lau tantura ere hurbildu ziren (26-30), Ezkurra II ere defentsan bikain ibili zelako. Baina buelta sinestezina gauzatzea posible zela zirudienean, Kotetorik onena agertu zen eta tantu bikaina lortu zituen hormabikoekin. Berriz ere 29-36 eta 32-38 ihes egin zuten urdineak. Gorriek 35-38ra hurbiltzea lortu zuten, baina azken bi tantutan, pilota bana galdu zuten San Miguelek eta Ezkurra II.ak.

Finaleko onenaren saria Koteto Ezkurrak jaso zuen, Tomas Rekondo Lesakako bere betiko jarraitzailearen eskutik. 21 tantu egin zituen eta 3 pilota galdu. Ionek ere partida sendoa egin zuen, 5 tantu egin zituen jokoan eta 4 sakearekin. Piloteoan 3 pilota galdu zituen eta bertze bat sakearekin. Ezkurra II urduri hasi zen, baina goiti egin zuen eta azkenean 10 tantu egin zituen eta 6 pilota galdu. San Miguelek 12 tantu egin zituen piloteoan eta 6 sakearekin eta 5 pilota galdu zituen.

Koteto Ezkurrak aipatu zuenez, «finaletan dena eman beharra daukazu, gu ideia garbiekin hasi gara eta San Miguelek ez zidan pilotarik kentzen sakearekin eta hori aitzinean aritzeko aprobetxatu dut». Gorriak hurbildu zirenean ere ez zen urduri jarri, «San Miguel hobe sakatzen hasi da, belaunean ere kolpea hartu dut eta zail jarri da, baina gure aukerak aprobetxatu ditugu eta garaipena lortu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun