Abenduaren 20an jokatu zituzten hamabosgarren paxaka txapelketako hondar partidak Iruritako Aranabia pilotalekuan. Final nagusian, Irurita Ek (Oskar Urrutia, Joxe Mari Salaburu eta Egoitz Prim) 9-3 irabazi zion Elizondori (Gorka Urtasun, Juan Mari Maia eta Jon Sansiñena). Txapeldunak beti aitzinetik izan ziren (3-0, 3-2, 8-2, 8-3, 9-3).
Hirugarren posturako lehian, Irurita Ck ere (Iñaki Etxandi, Mikel Ballarena eta Jagoba Ramos) 9-3 irabazi zion Irurita Bri (Xabier Barberena, Cesar Iñarrea eta Xabier Bazterrika).
Txapelak eta sariak Peio Obregozo Iruritako alkateak eta Jon Apeztegia eta Laura Apeztegia zozketako kolaboratzaileek eman zituzten.
Hain zuzen, finalaren ondotik 1.000 euroren zozketa egin zen eta 0754 izan zen zenbaki sariduna. Elizondoko ferietan saldu omen zen eta txartelaren jabeak abenduaren 31 bitarteko epea izanen du saria eskuratzeko. Zenbaki saridun hau agertuko ez balitz, ordezko zenbakia ere atera zen (0365). Honek urtarrilaren 10a bitarteko epea izanen luke saria eskuratzeko.