Abenduaren 20an, larunbat arratsaldeko 5etan jokatuko da Hernaniko Galarretan binakako erremonte txapelketaren finala. Doneztebeko Ezkurra osaba-iloben arteko lehia izanen da aitzineko koadroetan. Gazteak Julen San Miguel herritarra izanen du lagun gibelean eta Koteto beteranoak Ion. Abenduaren 17an aukeratu zituzten pilotak, arras ezberdinak.
Ezkurra II eta San Miguelek pilota arinagoak eta biziagoak hartu zituzten, atzelariaren indarra aprobetxatzeko eta Kotetok eta Ionek motelagoak, aurrelariaren sasoi puntua baliatzeko.
Koteto Ezkurrak binakako hiru txapel ditu, 1994, 1999 eta 2006an Eizagirre, Imaz eta San Miguelekin bikote eginez lortutakoak. Larunbatekoa bere hamargarren finala izanen da. Bere ustez, «bikote orekatuagoa osatzen dugu, badakigu zer egin behar dugun irabazteko eta gure jokua egiten saiatuko gara. Ilobaren kontra aritzea ere motibazio extra da».
Ion gaur egungo txapelduna da, iaz Utergarekin irabazi baitzuen. 2011n ere irabazi zuen Zeberiorekin. Bosgarren finala izanen du larunbatekoa eta txapelari eusten saiatuko da azpeitiarra.
Julen San Miguelek hirugarren finala izanen du eta aitzineko biak irabaziak ditu, 2006an Ezkurrarekin eta 2008an Urrizarekin. Bere ustez «sakean egonen da giltza» eta buruz burukoa ere irabazia duenez, binakako txapelarekin borobildu nahi du urtea.
Josetxo Ezkurra II.arentzat, noski, lehen final handia izanen da, lehen aldiz parte hartzen baitu txapelketan. Osabaren kontra finala jokatzeko ilusioa adierazi zuen txapelketaren aurkezpenean eta hori behinpin beteko du, «baina orain txapelaren bila joan behar dugu».