Irurita Ek eta Elizondok jokatuko dute paxaka txapelketako finala abenduaren 20an

TTIPI-TTAPA 2014ko abenduaren 16a

Iruritako Aranabia pilotalekuan jokatuko dituzte paxaka txapelketako azken bi partidak. Artxiboko argazkia

Aitzinetik, hirugarren posturako lehia jokatuko dute Irurita B eta Irurita Ck

Abenduaren 13an jokatu zituzten Iruritako Aranabia pilotalekuan Baztan-Errekako XV. Paxaka txapelketako finalerdiak. Honenbertzez, abenduaren 20an jokatuko diren finala eta hirugarren posturako partida nola gelditu diren erabaki da.

Abenduaren 13an jokatu zituzten Iruritako Aranabia pilotalekuan Baztan-Errekako XV. Paxaka txapelketako finalerdiak. Honenbertzez, abenduaren 20an jokatuko diren finala eta hirugarren posturako partida nola gelditu diren erabaki da.

Lehenbiziko finalerdian, Irurita Ek (Oskar Urrutia, Joxe Mari Salaburu eta Egoitz Prim) 9-4 irabazi zion Irurita Bri (Xabier Barberena, Cesar Iñarrea eta Xabier Bazterrika). Launako berdinketaren ondotik, bortz joko segidan egin zituzten finalista izanen direnak.

Bigarren finalerdian, Elizondok (Gorka Urtasun, Juan Mari Maia eta Jon Sansiñena) 9-6 irabazi zion Irurita Cri (Iñaki Etxandi, Mikel Ballarena eta Jagoba Ramos). Hasieran Iruritakoak aitzinetik izan ziren (0-1 eta 1-3), baina hiruna eta launa berdindu ondotik, 7-4 aitzindu ziren elizondarrak eta azkenean 9-6.

 

Finala abenduaren 20an Iruritako Aranabian

Gauzak honela, abenduaren 20an jokatuko dituzte hamabosgarren paxaka txapelketako hondar partidak Iruritako Aranabia pilotalekuan. Larunbat arratsaldeko 5etan hirugarren posturako lehia izanen dute Irurita B eta Irurita Ck eta ondotik, 18:15ean, final handia Elizondok eta Irurita Ek.

Finala bukatu bezain laster, txapelak eta sariak banatuko dituzte. Gero, mila euroren zozketa eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun