AEK-k 2.000 euroko ekarpena eginen dio Xaloa Telebistari, Iruñerrian abian jarri duen euskarazko telebistaren aldeko kanpaina dela-eta. Izan ere, telebistak 50.000 euroko inbertsioa egin behar du multiplex delako emisorea eta seinalea Iruñerri osoan barreiatzeko bi errepikagailu ezartzeko. AEK-k, gainera, euskahaldun orori luzatu dio gonbita heldu den astean bukatuko den diru-bilketan parte har dezan. Xaloak 1997tik dihardu lanean Baztan-Bertizarana-Malerrekan, euskara hutsean. Hala, iaz Nafarroako Gobernuak LTD bidezko tokiko telebistentzako lizentziak banatu zituenean, Iruñerriko lizentzietako bat Xaloa Telebistari eman zion. Hori lortu izana oso albiste pozgarria da AEKren ustez, nahi den lekutik begiratuta. Alde batetik, Xaloarentzat alegaltasunetik irten eta bere jarduera egonkortzeko aukera aparta da; eta, bestetik, Iruñerriko euskaldun eta ez-euskaldunek euskarazko telebista kontsumitu ahal izango dute. Zer esanik ez, oso lagungarria izango da urtero-urtero AEKren euskaltegietatik euskaraz bizitzeko gogoz ateratzen diren lagun horientzat ere. Aldi berean, urrats handia da euskal komunitatearentzat euskararentzako beste plaza bat irabaztea eta lehen euskarazko telebistarik ez zegoen lekuan orain gutxienez bat izatea.
Bertzalde, Xaloa Telebistak euskahalduntzen jarraitzea erabaki eta hitzarmena sinatu du Korrika 19rekin, euskararen aldeko ekimen erraldoia bultzatzen lagundu eta haren jarraipen berezitua egiteko. Jakina denez, 19. Korrikak dei egiten digu euskalgintzaren eta euskararen egoeraz jabetzeko eta, gure gaitasunaz ohartu ondoren, gaitasun hori erabiltzeko.
Dakizuenez, Xaloa Telebistaren Iruñerrirako emankizuna ahalbideratuko duen tresneria ordaintzeko beharrezko diru bilketarekin ari dira burubelarri azken egunotan. Eta kanpaina, azken txanpara iritsi da. Heldu den asteburuan, Eguberriekin batera bukatuko du aportazioak egiteko epea.