Azken urteetan berreskuratutako ohiturari eutsiz, Santa Luziako feria ospatu zuten Donezteben abenduaren 13an. Goiz osoan eskulangileak izan ziren atarian eta Meza Nagusiaren ondotik Zilarrezko Titarea eman zioten Gloria Agerri eta Ana Etxebeste zinegotziek, Doneztebeko Udalaren izenean, Blanca Bañares jostunari.
Goizeko eskulangileen erakusketan eta salmentan Fausti Juanikorena (jantzigintza), Malu Alvarez (zilarra), Andrew Smith (postalak), Jose Luis Olaizola (egurra), Eneko Rabina (ogia), Carlos Mindegia (gazta), Bittoriano Arzuaga (artilea), Maria Salanueva (xaboiak), Mateo Brianceau (dekorazioa), Maria Irureta (kanutilloak), Goreti eta Hamadi (egurra eta osagarriak), Lourdes Goñi (erroskilak) eta Joxepa Loiarte eta Zubietako taldearen taloak izan ziren.
Blanca Bañares Ziganda
62 urte ditu Blanca Bañares Zigandak eta ilusio handiz jaso zuen Zilarrezko Titarea.
Hamasei urte zituela, iragarki batean irakurri zuen bazela josten ikasteko «urrutiko ikastaro» bat. Bertan izena eman eta haiek bidalitako argibideei segika «mauka gabeko ator urdin bat» izan omen zen josi zuen lehen jantzia. Gustua hartu zion jostorratz eta hari artean ibiltzeari eta horregatik Donezteben ematen zituzten ikastaro batzuetan izena eman zuen. Josten hobeto ikasi nahi eta Iruñeara joan zen, 6 urtez aritu zen Iruñeko Yolanda Gabiriaren akademian «patroiak nola egiten diren ikasten» eta 2000. urtean lortu zuen titulu ofiziala.
Geroztik irratia piztu eta arratsaldetan orduak ematen ditu bezeroek eskatutako lanak osatzen. Zehatz errateko «soineko erraz bat egiteko gutxi gorabehera 8 ordu inguru behar izaten dira baina maukak sartu behar badira, tela espeziala bada edo korte zailak baditu orduak bikoiztu egin daitezke». Gazte, heldu, emakume, gizon... denetarik izan da bere tailerrean. Eskuz eta pedalekiko makinarekin osatzen zituen hasieran lanak, eta gerora erosi zituen josteko makina motordunak. Eskuz eta makinaz jostea, biak asko gustatzen zaizkiola erran digu baina gaineratu digu «gaur egun eskuz egindako lanak oso gutxi baloratzen» direla.
Lehen Doneztebeko mertzerietan erosten zituen beharrezko materialak, baina orain ez omen da horren erraza behar dena topatzea, «gaur egun gauza batzuk Donezteben erosten jarraitzen dut baina beste batzuk hirietan besterik ez ditut aurkitzen, telak eta tresna bereiziak adibidez».
Azken urteetan josteko ohitura berreskuratzen ari dela uste du «agian bizi ditugun garai zailak direla eta, jendeak jantziak bota beharrean konpondu egin nahi ditu eta hori egin ahal izateko batzuk josten ikasten dute». Duela urte batzuk herrian bertan josten ikasteko aukera izan zuen, eta horixe da orain berak bertzeei eskaintzen diena, irakasle ere aritzen baita, «astean bitan ematen ditut klaseak, Donezteben eta Iturenen». Esperientzia «oso polita da nik dakidana besteei erakustea. Gainera, oso pozgarria da ikasleen aurpegiak ikustea ohartzen direnean beraen kabuz euren konponketak egiteko gai direla» azaldu digu.
Lehen gehienbat jantzi berriak josten zirela dio baina «orain gehiena konponketak dira, ospakizun bereziren bat dutenean etortzen dira jantzi berria egitera» adierazi digu. Dena den, ez dio etorkizun beltza ikusten lanbideari «duela hogei urte baino maizago aldatzen dugu arropaz, erosi ere gehiago erosten dugu eta erosten diren jantzi horiek, konponketak behar izaten dituzte maiz, hortik dator lana».
Zilarrezko Titareak
Urtez urte, hauek izan dira Zilarrezko Titarea jaso dutenak Doneztebeko Udalaren eskutik:
Maria Eraso (1999)
Patxi Astiz (2000)
Mari Carmen Elizalde (2001)
Virtudes Etxebeste (2002)
Pepita Apeztegia (2003)
Pakita Andiarena (2004)
Mariela Olaizola (2005)
Angeles Buenetxea (2006)
Maria Teresa Mindegia (2007)
Loli Ostolaza (2008)
Mari Cruz Arregi (2009)
Maria Dolores eta Mercedes Sarratea (2010)
Maria Jesus Elizondo (2011)
Esther Pascal (2012)
Enrique Taberna (2013)
Blanca Bañares (2014)