Nafarroako sokatira txapelketako laugarren eta hondar saioa jokatu zen azaroaren 22an Lakuntzan. Larunbateko jardunaldian 600 kilo azpitiko gizonezko taldeek eta 550 kiloko talde mistoek hartu zuten parte. Kategoria hauetako lehen jardunaldian bezala, gizasemeetan Lesakako Beti Gazte eta mistoan Berriozar nagusitu ziren. Hortaz, lesakarrek, gizonezkoen bi txapelak jantzi dituzte aurten. 640 kilokoan bezala, Amaiur izan zen bigarren eta hirugarren postua Berriozarrek eskuratu zuen, Txantrearen aitzinetik (640 kilokoan alderantziz izan zen).
Beti Gazteko talde txapeldunean, Markel Suarez, Karmelo Mitxelena, Julen Palenzuela, Iñigo Altzugarai, Beñat Oronoz, Mikel Apeztegia, Agoitz Altzugarai eta Pascual Taberna aritu ziren. Beraz, 640 kilokoa irabazi zuen taldetik aldaketa bakarra egin zuten eta Iñigo Altzugarai sartu zen Oskar Telletxea igantziarraren ordez.
Txapelketa mistoan, berriz, lehen jardunaldian bezala Berriozar nagusitu zen. Honela, 6 puntu pilatu eta txapeldun izan zen. Amaiur bigarren izan zen bi saioetan eta Txantrea hirugarren. Emakumeen txapelketan Amaiur-Berriozar izan da garaile.