Eguberriak gainean dauzkagu. Haurrak hor dabiltza Olentzerori eskutitza idazten eta nola ez, eskolako azken eguneko ikuskizuna prestatzen. Baita Eguberri bezperan, herriari itzulia emanez, alaituz eta goxatuz kantuan ateratzeko prestaketan ere. Hain zuzen, arratsalde hasieran herriari itzulia ematen diote bai Iturengo, baita Aurtizko haurrek ere Gabonetako kantak kantatuz. Ilunabar aldera, azkeneko urteetan Olentzeroren bixita izaten da Iturenen. Bere astoarekin etortzen da, joaldunek lagundua eta jaiotza bizidun bat ere irudikatzen dute.
Urte zaharreko gaua eta urte berriko lehen eguna ere ederki ospatzen da, baina ospakizun handiena Errege Bezperan izaten da: Joare soinuak nagusi arratsaldetik goizeko ordu ttikiak arte!! Haurrak arratsaldean Iturenen eta Aurtitzen ibiliko dira eta gauean bai Iturenen baita Aurtitzen ere afari baten inguruan elkartu ondotik, Errege Magoei ongi etorria emateko joare soinuak izanen dira kaleetan. Iñauterietan bezala, Aurtitz, Ituren eta Zubieta, hiru herriak elkartuko dituzte. Gazte , heldu,mutil eta nesken eskutik izanen dira joaldunak. Eta noski, joare soinuez gain bai Ituren eta baita Aurtitzen ere juerga polita izanen da!