Nazioarteko Genero Indarkeriaren kontrako egunak Malerrekan argazki polita utzi zuen azaroaren 25ean, Doneztebeko eskoletako bidegurutzean ia 200 lagunek ozenki indarkeri hori salatu baitzuten. Azpimarratu behar da DBHko ikasle guziak atera zirela bilkura horretara Mendaur institutuko irakasleek lagunduta. Bilkuraz gain, eta egun honetatik haratago joanda, aipatu behar da ikasgeletan gai hau sakonki landu dela. Pankartaren gibelean, egun horretarako lilaz margotutako esku erraldoiak zeramazkiten ikasleak, herritar xumeak baita ordezkari politikoak ere. Denak argazki esanguratsuaren atzean baina egunero lana egin behar dela aldarrikatuz. Aipatu behar da antolatzaileak, Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuak, lan handia egin zuela dena bikain ateratzeko: pankarta eginez, esku lila txikiaz eginez (ikasle guziei bana oparitu zitzaien sudaderan zintzilikatzeko). Bilkura musikaz alaituta egon zen eta akitzeko gaztetxoek eta bertaratu zirenek txalo zaparrada handi bat jo zuten. Zertarako? ozenki gizarteari errateko genero indarkeria edo beste eratako indarkeria gaitzetsi egin behar dela.
ELKARLANA
Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, eskolak eta gurasoek elkarlan estua daramate indarkeriaren kontrako jarrerak nola saihestu eta gai hau nola landu behar den zehazteko. Zoritxarrez, azken urte hauetan jarrera xenofoboak, arrazistak, intoleranteak, matxistak areagotzean ari dira gure ume eta gaztetxoen artean. Tolerantzia zero eta familia, gizartea eta eskolaren arteko elkarlana beharrezkotzat jotzen da. Elkarlan honen ondorioz ekimen gehiago gauzatuko dira hemendik aurrera: bilkurak, hitzaldiak, tutoretzak… gaia gizarteratu behar da eta gaztetik landu behar da, gure gizartearen etorkizunaren hazia gure semeengan erein behar baitugu.