Abenduan sartu garen honetan Eguberriak aipagai ditugu. Abenduaren 24an urtero bezala Olentzero etorriko zaigu Sunbillara. Arratsaldeko 4etan aterako dira neska-mutikoak bi taldeetan banatuak. Alde batetik 0-9 urte bitartekoak, beheitiko eskolatik atera eta Olentzero menditik nola etortzen den ikustera joanen gara ondoren herrian barnako ibilbidea eginez. Koxkorrak berriz, hau da 10etik goitikoak, zubiaren bertze aldea eginen dute. Guztiak akitutakoan frontoian geldituko dira Olentzerori muxuak, eskutitzak… emateko eta txokolate goxo goxoa dastatzeko.