Remonte Fundazioak antolatutako Eguberrietako frontoi laburreko buruz buruko hamargarren erremonte txapelketan finalerdietako ligaxkako lehen partidak jokatu zituzten abenduaren 7an Larraintzarren. Etxeberria IV.ak 30-17 irabazi zion Endika saldiastarrari eta doneztebarren arteko lehian, Julen San Miguelek 30-20 irabazi zion Xanti Utergari.
Finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldia abenduaren 14an, igandean jokatuko dute Doneztebeko eskolako pilotalekuan. Bigarren jardunaldi honetan, Xanti Uterga ariko da Etxeberria IV.aren kontra eta Julen San Miguel Endikaren kontra.
Oraindik finalerdietako hirugarren jardunaldi bat jokatu beharko dute, baina ez gure inguruan. Abenduaren 21ean Bartzelonako Vall D’Hebron pilotalekuan ariko dira Uterga Endikaren kontra eta San Miguel Etxeberria IV.aren kontra.
Final handia Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko dute abenduaren 28an, 17:00etan.