Ortziral honetan, abenduak 12, emanen diote hasiera 2015eko Nafarroako Bertsolari Txapelketari. Final-laurdenetako fasea otsailaren 7an hasiko bada ere, hori baino lehen, kanporaketa saioa jokatuko dute Nafarroako Txapelketan lehen aldiz izena eman duten sei bertsolarik. Gainerakoak zuzenean sailkatuta daude otsailean abiatuko diren final-laurdenetara. Aipatu, 33 bertsolarik eman dutela izena Txapelketan parte hartzeko.
Ortziraleko kanporaketa Iruñeko Alegria Peñan jokatuko da, 20:00etan hasita. Sarrera doakoa izanen da sei bertsolari hauek ariko dira lanean. Mikel Lasarte, Sarai Robles eta Mintxo Astiz barañaindarrak, Mikel Juaniz iruindarra eta Kotte Plaza iruritarra. Epaile lanean, Nerea Bruño, Arkaitz Goikoetxea eta Ekintza Landa ariko dira eta Maider Ansa aranoarrak aurkeztuko du saioa.
Honako lan hau egin beharko dute: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian, binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko ttikian eta kartzelako lanean banaka, lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian, eta banaka, gaia emanda, bi bertso nahi den doinu eta neurrian.