1.185 lagun zeuden Doneztebeko Enplegu Bulegoan izen emanak azaro hondarrean, urrian baino 29 gehiago (%2,51ko igoera). Nafarroa osoan %1,04 igo da langabezia azaroan, beraz, eskualdean banaz bertzekoa baino gehiago igo da.
Azaroan 500 kontratu egin ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez, horietatik 50 bakarrik mugagabeak.
Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean 566 lagun daude langabezian, urrian baino 26 gehiago. Adin tarte horretako emakumeen artean ere urrian baino langabetu bat gehiago dago, 500 langabetu denera. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean 70 langabetu daude, urrian baino 3 gehiago. Adin tarte horretako emakumeen artean 3 guttiago daude lanik gabe, 49 denera.
Zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten, eta azaroan gainera 38 gehiago pilatu ditu, 762tik 800ra pasatuz. Industria arloan langabetu bat guttiago dago, 167 denera. Eraikuntzan, bortz langabetu guttiago daude, 122 guztira. Nekazaritzan langabetu kopurua mantentzen da, 26 lagun, eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean 70 lagun daude langabezian, urrian baino 3 guttiago.
Azken hilabeteetan bezala, azaroan ere gehiago dira langabezia-prestaziorik kobratzen ez dutenak (594 langabetu, %50,13) kobratzen dutenak baino (591 langabetu, %49,87).