Zortzi milakoa izanen da aurtengo Errekako Mendi Eguna

TTIPI-TTAPA 2014ko abenduaren 2a

Eguna hasteko Bonozorrotzera igoko dira Errekako mendizaleak. Artxiboko argazkia

Batzuentzat Munduko mendizalerik onena den Dennis Urubko izanen da abenduaren 6an Doneztebeko zineman

Dennis Urubko mendizale ezaguna Donezteben izanen da abenduaren 6an, Erreka Kirol Elkartearen Mendiaren Egunaren barrenean. Kazajhstango mendizaleak eskainiko duen emanaldiak egun ederrari amaiera bikaina emanen dio, baina gaurgero 3 eurotan salgai jarri ziren 240 sarrerak salduak daude.

Dennis Urubko mendizale ezaguna Donezteben izanen da abenduaren 6an, Erreka Kirol Elkartearen Mendiaren Egunaren barrenean. Kazajhstango mendizaleak eskainiko duen emanaldiak egun ederrari amaiera bikaina emanen dio, baina gaurgero 3 eurotan salgai jarri ziren 240 sarrerak salduak daude.

Urtero legez, larunbat goiz goizetik, 07:30ean mendi ateraldia antolatu dute Errekakoek Bonozorrotzera, taldeak bertan duen postontzia bisitatuz. 12:30ean poteoa eta 14:00etan bazkaria (abenduaren 4a baino lehen apuntatu behar da). Bazkalondo patxadatsua eta emankorraren ondoren, zine aretoan Urubkok emanaldia eskainiko du 19:00etan, Alex Txikon itzultzaile lanetan alboan duela. Ohi bezala, ondotik, bi protagonista hauei galderak luzatzeko aukera izanen da.

 

Dennis Urubko

Ibilbide zabala bezain erakargarria du Dennis Urubkok; hamalau zortzimilakoak osatu zituen 2009an. 2001ean, zortzi milako bat igo zuen mendizalerik azkarrena erronka beteta, Gasherbrum II mendia zazpi ordu eta erditan igo baitzuen. Gainera, Iñaki Ochoa de Olzaren erreskate saiakeran parte hartu zuen, eta ho­rregatik da hain ezaguna eta maitatua Nafa­rroan. Bere hurrengo helburua, Adam Bielecki eta Alex Txikonekin batera, K2 mendia aurtengo neguan igotzea da (iparraldeko igoerari bide berri bat idekiz eta oxigenorik gabe). Inork bete ez duen balentria...

Urubkok Errekaren urrezko liburuan utziko du bere sinadura, talde honek urtero ezartzen duen erronkari jarraipena eginez. Azken urteotan goi mailako mendizaleak izan baititugu herrian (Juanito Oiarzabal, Edurne Pasaban, Iñaki Ochoa de Olza, Pou anaiak, Carlos Pauner, Iñurrategi, Vallejo…).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun