Euskaraz bizi nahi dut dinamikaren baitan egiten den herri lasterketa bigarren urtez eginen dute Malerrekan eta hirugarren aldiz Baztanen. Antolatzaileek euskaraz bizi nahi duten herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte ekimen honetan parte hartzera abenduaren 3an.
Malerrekan, lasterketa hau elkarlanean antolatu dute honako erakunde hauen laguntzaz: Erreka, Doneztebarrak Merkatarien Elkartea, IKA Euskaltegia, Mendaur, Erreka eta Legasako Guraso Elkarteak, Malerrekako Eskola Txikiak eta Malerrekako Mankomunitateko Euskara Zerbitzua. Egunean bertan izena eman behar da: 0tik 15 urte bitartekoek 2 euro eta 15tik aurrera 5 euro ordainduta.
Lasterketa Doneztebeko udaletxe ataritik abiatuko da, baina lasai egiteko asmoz, jai giroan eta ongi pasatzeko helburua izanda. Are gehiago, lasterketak ez du sailkapenik izanen eta ez da ibilbide osoa egin beharrik. Nahikoa da izena ematea eta norberak ahal duen arte korrika egitea. Erreka Kirol Elkarteak lau lastekerta prestatu ditu adinaren arabera sailkatuta: 0-6 urte, 7-11 urte, 12-15 urte eta 16 urtetik aurrera. Ttikien lasterketa 11:00etan hasiko da eta helduena 11:30ean. Lasterketa bukatzean parte-hartzaile bakoitzari diploma bana banatuko zaio, bokata ttiki bat eta edaria. Ondotik, zozketa eginen dute parte hartu duten korrikalarien artean.
Egun horretan ere Euskaraz bizi nahi dut kamisetak 5 eurotan erosi ahal izanen dira (normalean 10 eurotan egoten dira salgai), kamisetaz gain material gehiago izanen da.
18:00etan bertso saioa izanen da Doneztebeko zineman eguna borobiltzeko.
Baztanen hirugarrenez
Baztanen hirugarren urtez egiten den lasterketa abenduaren 3an eginen da, goizeko 11:30ean Elizondoko plazan. Aurtengoan, parte hartzea sustatu asmoz, ibilbide motzagoa prestatu dute antolatzaileek eta lasterketa ez da konpetitiboa izanen. Bertze urteetan bezala, parte hartzaile guztien artean opariak banatuko dira lasterketa akitzean. Izen-ematea Baztango eskola guztietan edo egunean bertan, Elizondoko plazan egiten ahalko da, 2 euroren truke. Horrez gain Euskaraz bizi nahi dut lelodun materiala erosteko aukera izanen da plazan bertan.
Bortzirietan igandean eginen dute, Igantziko Kultur Egunen baitan.