Iker Vicentek irabazi du Nafarroako bigarren mailako aizkora txapelketa

TTIPI-TTAPA 2014ko azaroaren 27a

Iker Vicente gaztea nagusi izan zen Donezteben. Artxiboko argazkia

Otsagikoarekin batera, Mieltxo Mindegia zubietarra igoko da lehen mailara

Nafarroako bigarren mailako aizkora txapelketaren finala jokatu zen azaroaren 14an Donezteben, ferien baitan. Elizondoko uztailaren 27an jokatutako kanporaketan sailkatutako lehen bortz aizkolariak aritu ziren eta bakoitzak bi kanaerdiko, bi 60 on­tzako eta oinbiko bat moztu behar izan zituen.

Kanporaketan bezalaxe, finalean ere Otsagiko Iker Vicente nagusitu zen, finalistarik gazteena. 15 minutu eta 8 segundo behar izan zituen lana burutzeko. Zubietako Mieltxo Mindegiak ere lan polita egin zuen (15:56). Biek mailaz igotzea lortu dute eta beraz, heldu den urtean lehen mailako aizkora txapelketan parte hartuko dute.

Olagueko Aitor Senosiainek osatu zuen podiuma (17:43). Azken postua saihesteko bo­rroka gogorra izan zuten Etxarri Aranatzeko Goizeder Beltzak eta Aresoko Asier Pellejerok. Azkenean, Beltzak lortu zuen laugarren postua (19.30) eta Pellejerok 9 segundo gehiago behar izan zituen lana bukatzeko (19:39).

Txapelketarekin batera, Inaxio Perurenak harrijasotzen eta Xanta Souzak txinga-eramate erakustaldia egin zuten, Doneztebeko ferietako herri kirol jaialdi bikaina borobilduz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun