2015 urtean ere ikastaro, bidaia eta ekintza aunitz aukeran

Fernando ETXEBERRIA 2014ko azaroaren 27a

Ikastaroetan izen ematea urtarrilaren 7tik 13ra

Azaroaren 18an zuzendaritzako kideek bilera egin zuten eta 2015erako antolatu dituzten ekintza, ikastaro eta bidaien inguruan aritu ziren hizketan. 

Ikastaroei dagokionez, gogorarazi dute izen emateak urtarrilaren 7tik 13ra bitarte egin beharko direla, beraz, adi ibili. 

Arkupeak elkartekoek hango eta hemengo txokoak ezagutzen segiko dute datorren urtean ere. Hala, Xabie­rrera, Aralarrera, Aran­tzazura, Lezora... egiten dituzten ohiko bidaiez gain, berri ba­tzuk ere antolatzeko asmoa dute: Bartzelonara, Gironara, Senda Vivara, Europa aldera... eskain­tza zabala izango da aurtengoan ere. 

Ikastaroen artean, osteopatia eta fisioterapia, luzaketa eta postura egokiak eta yoga ikastaroa eman dira orain arte eta eskaria dagoen tokietan datorren urtean ere ikastaro hauek mantentzeko asmoa dute. Yoga ikastaroan adibidez, 78 pertsona ari dira orain Patxi Chocarro irakaslearekin.

Lacturale enpresak ere ordubeteko hitzaldia eta Etxabarriko ins­talazioak bisitatzeko aukera eskaini dio Elkarteari. Eta Eroski eta Argibel enpresek ere abantaila bereziak proposatu dituzte Arkupeak elkarteko kideentzat.

Datorren urteko uztailean zuzendaritza berria aukeratzeko bozketak egingo direla ere gogorazi dute.

ORDEZKARIEN BILERA

Abenduaren 18an urte bukaeran egin ohi den  ordezkarien bilera egingo da. Bertan elkartearentzat garrantzitsuak diren gaiak landuko dituzte eta gero bazkari bat egingo dute. 

MENDI ATERALDIA

Azaroaren 19an Elkarteko mendizaleak Beratik abiatu eta Larungo kaxkora igo ziren. Goizeko bederatzietan plazan bildu eta aldapa gogor xamarra izan ­arren, ordu pare batea kaxkora igotzea lortu zuten. Bertan gosaria egin zuten eta bueltan herrirantz abiatu. Zalain jatetxean bazkaldu zuten guztiek elkarrekin. Bazkalondoan datorren irteera ere zehaztu zuten. Abenduaren 17rako egin dute hitzordua, Jaizkibelgo santutegitik abiatu eta Pasaia San Juanera joango dira, mendia eta itsasoa lo­tzen dituen ibilbide ede­rra eginaz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun