Helduentzako irakaskuntza zerbitzua martxan jarri nahi dute

TTIPI-TTAPA 2014ko azaroaren 27a

Udal ordezkariak, gizarte zerbitzuetakoak, institutuetakoak eta Cedernakoak, aurkezpenean. Aitor AROTZENA

Ikasketak bukatu ez zituztenei bideratua

Malerrekako, Baz­tango, Bortzirietako eta Bertizaranako Udalek, Gizarte Zerbitzuen bitartez, zonaldeko institutuekin eta Cederna Garalurrekin elkarlanean, eskualdeko helduentzako irakaskuntza programa publikoa eta doakoa indarrean paratu nahi dute. Jadanik Nafarroako hainbat eskualdetan indarrean dago helduentzako irakaskuntza zerbitzua, gurean berriz, ez. Huts handia sumatzen dute udalek, institutuek eta ber­tze erakundeek, ikasketak bukatu gabe utzi zituenak aukerarik ez baitu gaur egun inguruan ikasketak bukatzeko.
 
Maite Oteiza, Baz­tan­go udaleko zinego­tziak azaroaren 18an Malerrekako Mankomunitatean egindako aurkezpenean adierazi duenez, «hemezortzi urtetik goitiko herritarrei oinarrizko ikasketak eskaintzea dute helburu; doakoa eta hezkuntza sare publikoaren bitartez».
 
Zerbitzu honek honako aukera hauek eskaintzen ditu:
 
• Alfabetatzea (irakur­tzen eta idazten ikastea, kalkulua, ordenagailua erabiltzen ikastea).
• Oinarrizko formazioa (kalkulua, Sistema Metriko Hamartarra, geometria, ortografia, gramatika, idatzizko adierazpena).
• Hizkuntzaren hastapenei buruzko ikastaroa atzerritarrentzat.
• Derrigorrezko Biga­rren Hezkuntza.
 
Zerbitzu honekin eskualdean bertan aukera eman nahi diete bere garaian ikasketak akitu gabe utzi zituzten he­rri­tarrei zein bere ezagu­tzak handitzeko grina eta gogoa dutenei oinarrizko ikasketak buka ditzaten. Parte-har­tzaileek Biga­rren Hez­kun­tzako titulazioa eskuratzeko eta bes­te ikasketekin jarraipena izateko aukera izanen dute.
 
Zerbitzu hau abian jartzeko eta antolatu ahal izateko, gure zonaldeko herritarren beharrak ongi aztertu eta zehaztu behar dituzte. Hori dela eta, helduen­tzako oinarrizko irakaskuntza zerbitzuan jakin-mina duenak zonaldeko Gizarte Zerbitzuetara jo dezake:
 
Malerreka-Bertizarana: Malerrekako Man­ko­­­munitateko Gizarte Zerbitzuak. Tel: 948 451 746.
 
Bortziriak: Bortzirietako Gizarte Zerbitzuak. Tel: 948 635 036
 
Baztan: Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko Gizarte Zerbitzuak. Tel: 948 580 006.
 
Bertzalde, heldu diren hilabeteetan bandoak eta triptikoak banatu, eta batzar informatiboak antolatuko dituzte zonaldeko herrietan sortzen ahal diren zalantzak argitu ahal izateko. Malerrekako Mankomunitatean abenduaren 11n izanen da, 19:00etan; abenduaren 17an Baztanen, Elizondoko Arizkunenean 19:00etan eta abenduaren 18an Berako Beralandetan, 19:00etan.
 
Heldu den ikasturteari begira nahi dute martxan jarri zerbitzua. Irakasleak, institutuetako plantilletakoak izan behar dute eta plantilla horiek martxo alderako osatzen direnez, ordurako jakin beharko li­tzateke ikastaro hauetarako eskaririk baden ala ez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun