Dennis Urubko mendizale ezaguna Donezteben izanen da abenduaren 6an, Erreka Kirol Elkartearen Mendiaren Egunaren barrenean. Mendizaleak eskainiko duen emanaldiak egun ederrari amaiera bikaina emanen dio. Urtero legez, goiz goizetik, 07:30ean mendi ateraldia antolatuko da, Bonozorrotzera, taldeak bertan duen postontzia bisitatuz. 12:30ean poteoa eta 14:00etan bazkaria (abenduaren 4a baino lehen apuntatu behar da). Bazkalondo patxadatsua eta emankorraren ondoren, zine aretoan Urubkok emanaldia eskainiko du 19:00etan, Alex Txikon itzultzaile lanetan alboan duela. Ohi bezala, ondotik, bi protagonista hauei galderak luzatzeko aukera izanen da. Aurtengo berrikuntza izanen da 3 euroko sarrera ordaindu behar dela eta gainera, antolatzaileek dioten bezala, komeni da aldez aurretik eskuratzea zine aretoan 240 eserleku baitaude. Sarrerak eskuratzeko tokiak hauek dira: Donezteben (Titi ostatuan), Beran (Errekalde ostatua), Elizondo (Intza ostatua) eta Leitzan (Maimur-en).
Dennis Urubko
Ibilbide zabala bezain erakargarria du Dennis Urubkok; hamalau zortzimilakoak osatu zituen 2009an. 2001ean, zortzi milako bat igo zuen mendizalerik azkarrena erronka beteta, Gasherbrum II mendia zazpi ordu eta erditan igo baitzuen. Gainera, Iñaki Ochoa de Olzaren erreskate saiakeran parte hartu zuen, eta horregatik da hain ezaguna eta maitatua Nafarroan. Bere hurrengo helburua, Adam Bielecki eta Alex Txikonekin batera, K2 mendia aurtengo neguan igotzea da (iparraldeko igoerari bide berri bat idekiz eta oxigenorik gabe). Inork bete ez duen balentria...
Urubkok Errekaren urrezko liburuan utziko du bere sinadura, talde honek urtero ezartzen duen erronkari jarraipena eginez. Azken urteotan goi mailako mendizaleak izan baititugu herrian (Juanito Oiarzabal, Edurne Pasaban, Iñaki Ochoa de Olza, Pou anaiak, Carlos Pauner, Iñurrategi, Vallejo…).