Zapi bat baino aunitzez gehiago direlako

ENERITZ IRAOLA 2014ko azaroaren 27a

Ugaritu egin dira eskualdean ikurrinaren aldeko adierazpenak. Artxiboko argazkia

Ikurren legeak eskualdean utzitako ondorioak

Auzibide luzearen ondotik, bandera hori-gorria nahi eta nahiez udale­txeko balkoian jarri eta ikurrina kentzeko agindua bete behar izan dute eskualdeko udalek. Ordura arte ikurrik ez zegoen tokian, «inposatutako ikurrak jarri» salatu dute. Erantzun gisara, etxeetako ­balkoi eta herriko zenbait txoko ikurrinez josi dituzte. Orain sortu da berriro harra­botsa: Ikurren ­legearen aurkako agerraldi batean parte hartzea­gatik izandako isunek eta Guztion Nafarroan guztion ikurrak herri ekimen legegileak Iruñean aurkeztutako 9.563 sinadurek eraginda.

1981ean egin zuten gaur egungo Espainiako banderen legea. Haren arabera, Espainiako Estatuko administrazioko eraikin guztietan egon behar du Espainiako banderak, barruan zein kanpoan, «lehentasunezko eta ohorezko tokian». Nafarroan, gainera, 2003az geroztik, ezin da Nafarroako bandera ez den beste ikurrik erabili eraikin publikoetan, «Espainiakoa, Europakoa eta udalerri bakoitzarena salbu». Legeak lege, 2013. urtera arte eskualdeko Herriko Etxe gehienetan urte osoan zehar ez zen ikurrik ageri. Herriko bestak izaten ziren salbuespena, orduan herriko ikurra, Nafarroakoa eta Ikurrina zintzilikatu ohi ziren herri gehienetan. Ez da hori gaur egun Herriko ­Etxeen aitzeneko aldeek duten itxura: urte osoan Espainiako bandera agerian baitago.

LEGEA BETE BEHARRA
2013. urtean Nafarroako Toki Administraziotik eta Espainiako Gobernu Delegaritzatik bidalitako gutunek eman zioten hasiera auzibide luzeari. Espainiako Bandera zegokion tokian jarri behar zela  argi agertzen zen bertan eta bete ezean, isun ekonomiko handiak eta bi urtetik gorako kargugabetzeak ezarriko zi­tzaizkiela erakundeetako arduradunei.

BANDERA ZINTZILIK
Udal eta herri batza­rretan eztabaidatu zuten zein izango ziren eman beharreko hurrengo pausoak eta saia­kera desberdinak egin eta aurkezten zituzten helegiteek aurrera biderik ez zutela ikusi zutenean, bandera jarri bes­te aukerarik ez zuten izan. Dena den, beren desadostasuna sala­tzeko, mozioak onartu, ikurrinaren aldeko pankartak jarri eta gaitzespen idatziak banatu zituzten udalek etxez ­etxe. Beraien iritzia azaltzeko, herritarrek ikurrinak balkoietan ja­rri eta herriko txoko esanguratsuenetan iku­rrina handiak jarri dituzte, esate baterako Leitzan Lopeneko biribilgunean.

BESTEAN IKURRINA
Herriko besten garaia ere iritsi zen bandera haizeak harrotuta zebilen garaian eta urtetako ohiturarekin segiz, iku­rrina udaletxean jar­tzea erabaki zuten  zenbait udalek, tartean Goizueta, Lei­tza eta Etxa­larkoak. Ez zen gertakaria oharkabean pasa eta zigorrak iritsi zitzaizkien hilabete ba­tzuen buruan. Goizuetan duela hilabete eskas jakin dute Auzitegi Nagusiaren azken erabakia. Iruñeko Adminis­trazioko Auzitegiak zigortu zuen udala, he­rriko bestetan udaletxean ikurrina jartzeagatik Eman hitza Nafarroari, eman Euskal Herriari pankartaren alboan. Goizuetako udalak salaketari erantzunez helegitea aurkeztu zuen eta orain, auzitegiak arra­zoi eman eta atzera bota du zigorra. Salaketa jarritakoan gobernuak ­arrazoitu zuen Goizuetako Udalak "EAEko bandera ofiziala" jarri zuela pankarta baten alboan eta ordenamendu juridikoaren aurkako neurria zela hura. Udalak horren aurka argudiatu zuen Nafa­rroako Sinboloen Legearen arabera bandera ke­ntzeko eskaera egitera behartuta zegoela gobernua eta ez zuela egin. Bestetik, udalak berak ikurrina kendu egin zuen urriaren 22an, eta hala jakinarazi zion epaitegiari. Hori horrela izanik,  Goizuetako Udalari ezarritako zigorra atze­ra botatzea erabaki du auzitegiak.

Bandera jarrita ere, gora beherak ez direla amai­tzen diote udalek. «Gaizki jarria dagoela, ez dela behar bezain ikusgarria, iku­rrinaren alde egiten dugula... ez dira amaitzen salaketak» aipatu digute «arazorik ez zegoen tokian arazoa sor­tu eta eurena inposatu nahi dute herritarren nahia kontuan hartu gabe».

ALDAKETA
2013 urtera arte, urte osoan zehar ez zen ikurrik zintzilikatzeko eskualdeko Herriko Etxeetan. Herriko Bestak izaten ziren salbuespena eta orduan ikurrina, Nafarroakoa eta Herrikoa jartzen ziren.

ZUGARRAMURDIKO ZORTZI HERRITARREI ISUNAK

«Ez daukute iritzirik eskatu, inposatu dauzkute eta iritzia eman dugularik zigortu gaituzte»

«Harridura handiz» hartu zuten herrian Espainiako Bandera zintzilikatzeko errekerimendua, «hemengo Herriko Etxean ez da sekula banderarik izan. Ez zen ezta baderak zintzilikatzekorik, espreski egin behar izan dute egitura bat» azaldu digu Zugarramurdiko Helena Xuriok. Aipatu digu arazorik ez zen lekuan «arazo bat sortu» zutela. Izan ere, «legez kanpoko elgarretaratze bateko antolatzaile eta bultzatzaile nagusiak» direlakoan, Helena eta beste zazpi herritarri 450 euroko isunak ailegatu zaizkie. Otsailean, Atxuria mendi taldearen 15. Urteurreneko mendi martxaren ondotik Ikur inposaketarik ez zioen pankartaren gibelean jarri ziren «nihori trabarik egin gabe, besta giroan eta aperitifa hartzen» dio, baina argi utzi du ez zela nihongo manifestaldi edo elgarretaratze deialdirik izan «bapateko ekin­tza baizik». Azaldu digu gauza normala dela beraien herrian igandetan jendea plazan biltzea aperitifa hartzerat, «usaian baino gehiago biltzen gara eguraldi ederra ari duelarik eta aise gehiago besta zerbait baldin bada». Isunak jaso orduko abokatuekin kontaktuan eman eta errekurtsoa aurkeztu zuten baina abokatuek erran zieten ez zela deus egiten ahal, ordaindu beharko zutela «horrelako isunak lehen bide penaletik aztertzen zituzten, baina bide administratiborat pasatu zituzten, eta horrekin, salatzaileak (gure kasuan guardia zibilak) diona egiazkotzat jotzen da». Egoera honen aitzinean, adierazi dute normala iduritzen zaiela beraien iritzia agertzea «han ez zen oihurik, manera txa­rrik edo irainketarik izan gure aldetik. Han kantu, dantza, solasa eta umore ona izan zen. Gaur egun, delitua omen da 20 lagun baino gehiago biltzea Gobernuaren baimenik gabe. Orai jakin dugu. Berriz ere, duela 400 urte gure herrian egiten zen bezala; gauaz eta gordezka ibili beharko dugu».

GUZTION IKURRAK GUZTION NAFARROAN HERRI EKIMEN LEGEGILEA AURRERA
9.563 sinadura bildu dituzte Ikurren Legea aldatzeko eskatuz

Nafarroan ikur guztiak errespetatuko dituen Sinboloen Lege berria lortzea da Guztion Ikurrak guztion Nafarroan herri ekimen legegilearen helburua. 2003tik indarrean den Sinboloen Legea indargabetu eta Nafarroako aniztasuna bermatuko duen legea bultzatu nahi dute. Urte hasieran aurkeztu zuten ekimena eta urtea amai­tzerako 7.000 sinadura biltzeko ­erronkari egin. Gizarteko arlo desberdinetakoa adituak izan dira bultzaileak, tartean ziren esaterako eskualdeko Paula Kasares eta Maite Lakar. Sinadura bilketa egin ondotik, azaroaren 17an aurkeztu dituzte Iruñean, 9.563 denera eta Parlamenturako bidea hartuko du orain Lege proposamenak.

Ekimenaren bultzatzaileak pozik daude jasotako erantzunarekin «gure helburuak lortu ditugulako eta nafar jendartean eremu oso desberdinetatik jaso dugulako ekimenarekiko babesa. Gure esker ona adierazi nahi diegu lagundu gaituzten herritar eta eragile guztiei». Gainera salatu dute, Nafarroako ikurren legeak sortzen duen arazo honek konponbidea behar duela «etengabe egungo egoera ez-demokratikoaren adibide berriak ikusten ari baikara». Lege proposamenak 2003tik indarrean den Sinboloen Legea baliogabetzea lortu nahi du, eta ikurrinarekiko zein beste egungo euskal ikurrekiko debekua eta jazarpena gainditzea. Ikurren erabileraren oinarria «herritarren erabaki demokratikoa eta aniztasunarekiko erres­petua izatea nahi dute».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun